Tracking-ek, Interneteko kulturaren jaialdiak 10 urte bete ditu

BBK Aretoak diziplina anitzeko sorkuntzari, kulturari eta Interneti buruzko jaialdiaren hamargarren edizioa hartuko du apirilaren 27ra arte

Apirilaren 24an hasi eta 27an amaituko da Tracking Bilbao Interneteko kulturaren jaialdiaren hamargarren edizioa. Lau egunetan kultura zibernetikoaren inguruko hainbat jarduera izango dira: mahai-inguruak, aurkezpenak, podcastak, kontzertuak… Jarduera guztiak, kontzertuak eta ikuskizunak izan ezik, doakoak izango dira aforoa bete arte.

Gaur, arratsaldeko 6etan, emakume komikigileen topaketa izango da eta bertan Elisa Riera, Laura Pérez, Elizabeth Casillas eta Mamen Moreu izango dira.

Ondoren, ‘Artiadi’ liburuaren aurkezpena egingo da. Beñat Erezumak eta Fermin Etxegoienek Adimen Artifizala poesia liburu bat idazteko gai izango ote den planteatuko dute. Aipatu liburua historian adimen artifizialak idatzi duen euskarazko lehen liburua da. Erezumak GPT-3 teknologiari amodioa, heriotza, gorrotoa eta adiskidetasuna bezalako gaiak proposatu dizkio eta adimen artifizialak erantzun dituen 40 olerkiekin osatu da liburua.

Ninjababy

Arratsaldeko 8etan ‘Ninjababy’ filma estrainatuko da Euskadin Henar Álvarez eta Xavi Dauraren eskutik. Álvarez eta Daurak  Yngvild Sve Flikkeren animaziozko filmaren ateratzen diren bi pertsonaiari ahotsa jarri diete gaztelaniazko bertsioan. Aipatu filmak Europako Komedia Onenaren saria irabazi zuen pasa den urteko EFA Sarietan.

Apirilaren 26an Xavi Daura eguerdian izango den topaketaren protagonista izango da. Arratsaldeko 6etan, berriz, Bideo Guda saioa izango da: ‘Chill Mafia vs. Ttun Ttun Brigade’. Bideo guda ikuskizunetan bi artista/talde aurrez-aurre jarri eta, txandaka, Youtubeko umorezko bideo bat bidaltzen diote elkarri. Kasu honetan, Chill Mafiako ‘Kiliki Frexko’ eta ‘Flako Fonki’ eta Ttun Ttun Brigadeko ‘Asier K’ eta ‘Aginowsky’ izango dira lehiatzen. Jardunaldiari amaiera emateko, arratsaldeko 8etan Lakanosa Teatroa antzerki taldeak ‘El Instituto T’ antzezlana aurkeztuko du.

Amaiera

Apirilaren 27an aurtengo edizioari amaiera emango zaio. Egun horretarako 4 ekitaldi programatu dira.

Eguerdian topaketa bat izango da Paula Bonet artistarekin.

Arratsaldeko 6etan Frank T, Asaari Bibang eta Lamine Thiorek ‘No hay negros en el Tibet’ izeneko podcasta aurkeztuko dute zuzenean. Podcast horren xedea da afrikar jatorria duten pertsonen komunitatearen aniztasuna eta konplexutasuna agerian uztea eta, horretarako, hausnarketaz, umoreaz eta ironiaz baliatzen da.

18:30etan Jimina Sabadúren ‘La conquista de Tinder’ liburuaren aurkezpena egingo da. Sabaduk Mondo Brutto edo Fotogramas aldizkarietan kolaboratu ohi du, eta gidoiak idatzi izan ditu zinemarako.

Jaialdiari amaiera emateko, ‘Quema la Memoria’  kontzertu marraztua, The New Raemon & Paula Bonet-ekin.