Twitterri erronka egiten dion sare sozial berria

Merkaturatu ondoren lehen hamasei orduetan 30 milioi deskarga izan ditu, baina oraingoz ez dago eskuragarri Europar Batasunean

Instagram garatu duen garatzaile-taldeak Twitterri erronka egin nahi dion sare sozial bat sortu du. Bere izena Threads (hariak) da eta merkaturatu ondorengo hamasei orduetan 30 milioi deskarga lortu ditu, besteak beste, Instagrameko erabiltzaileetan oinarritu delako.

Sare sozial berria microblogging sare gisa aurkeztu da. Twitterren antzera, erabiltzaileek mezu laburrak argitaratzeko aukera izango dute. Aplikazioa Metaren esku dago, hots, Facebook, WhatsApp eta Instagram biltzen dituen enpresa nagusia.

Sare sozial horrek Twitter eta Mastodon sareetako ezaugarriak uztartzen ditu, eta bi aplikazio horietako onena eskainiko duela iragartzen du. Gainera, lotura estua du Instagramekin, eta horrek esan nahi du bi sareetako kontuak esperientzia integratu baten parte izango direla.

Funtsean, esan liteke Threads Instagram barruko Twitter bat bezalakoa dela, baina bere aplikazio independentearekin. Izan ere, Instagramen kontu bat izanez gero, ez da beharrezkoa izango Threadsen erregistratzea, zuzenean lotu baitaiteke Instagrameko kontuarekin.

Mugarri ikaragarria

Uztailaren 6an abiarazi zen eta 16 ordu eskasetan sare sozial berriak 30 milioi erabiltzaile baino gehiago erakartzea lortu zuen. Kopuru hori astakeria bat da. ChatGTPk, adibidez, bost egun behar izan zituen mugikorretarako bere aplikazioarekin lehen milioi erabiltzaile lortzeko. Pokemon GO!, mugikorren historiako fenomeno handienetako bat, 800.000 erabiltzaile lortu zituen bere lehen egunean Estatu Batuetan. Lorpen hori, neurri batean, Instagrameko erabiltzaileen oinarri handiak ematen duen sendotasunari zor zaio, baita Twitterreko egungo egoerari ere; izan ere, Elon Muskek erabiltzaileak haserrarazten dituen ezaugarri berri bat gehitzen dio astero sare sozialari (adibidez, egun batean irakur daitezkeen tweeten kopurua mugatzea).

Momentuz, aplikazioa 100 herrialde baino gehiagotan eskuragarri dago, baina oraindik ezin da Europan erabili, Metak aplikazio berria Europako pribatutasun-legeekin nola uztartu ahal duen aztertzen ari baita.

Instagramen mila milioi erabiltzaile baino gehiago izanik, Threadsek potentzial izugarria du erabiltzaile horien kopuru handi bat bere plataformara erakartzea lortzen badu. Gainera, dagoeneko Instagramen dauden marka eta famatu askoren partaidetza du, eta hori funtsezko faktorea izan daiteke erabiltzaile berriak erakartzeko.

Threadsen funtzionamendua Twitterren funtzionamenduaren antzekoa da, baina argazkigintzako sare sozial ezagunarekin estuki integratuta egotearen abantaila du. Gainera, Threadsen erabiltzaileek Mastodon eta antzeko sareen erabiltzaileekin elkarreraginean aritzeko aukera izango dute.