Abian da HAU lehiaketaren laugarren edizioa. Aipatu lehiaketaren xedea da euskal kulturaren objektu tradizional bat berdiseinatzea eta aurten edizioan erronka ohiko txokolate-ontzia izango da berdiseinatu beharreko objektua.
Deialdi hau diseinuaren alorrean diharduten ikasleei, profesionalei edo kolektiboei zuzentzen da: industria- eta produktu diseinua, arkitektura, ingeniaritzak, arte ederrak, etab. Proposamenak aurkezteko epea datorren apirilaren 29ra arte izango da zabalik.
Lehiaketaren helburua da proiektuek, diseinu garaikidearen ikuspuntutik, objektu bat egokitu, berritu eta berrinterpretatzea. Horrela, harreman berriak sortzen dira gure historiarekin, industria-diseinuaren arloko ikerketa-ildoak zabalduz.
Lehiaketa Bitamine Faktoriak antolatzen du, mugaz gaindiko kultura ekoizpen eta sormen lantegia, San Telmo Museoa, Mondragon Unibertsitatea, Aranzadi Zientzia Elkartea, IBILI Menaje eta Rafa Gorrotxategirekin elkarlanean.
Proiektu irabazlea eta diseinu nabarmenak ekainean San Telmo Museoan izango den erakusketa batean ikusi ahal izango dira.
Aurreko edizioetan honako objektu hauek berdiseinatu behar izan ziren: taloaskea (2017), kutxa (2018) eta zizeilua (2019).