Zabalik BilbaoEszenaren ‘Artistak Egoitzan’ deialdia

Euskal artista eta konpainiek apirilaren 12ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektu eszenikoak

BilbaoEszenak, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroak, “Artistak Egoitzan” programaren XVI. ediziorako deialdia ireki du. Programa horren xede nagusia da proposamen eszenikoak sortzen, ikertzen eta zabaltzen laguntzea.

Deialdian parte hartu ahal izango dute 18 urtetik gorako Euskadiko talde edo artista indibidualek. Gehienez sei proiektu aukeratuko dira, eta parte-hartzaileek bi laguntza mota jaso ahal izango dituzte. Alde batetik, hasierako fasean dauden proiektuetarako laguntzek 2.000 euro jasoko dituzte, eta garapen-fasean dauden proiektuek 4.000 euro.

Egoitzak Bilboko espazio eszenikoetan egingo dira, gehienez ere 25 egunez, ahal dela uztailean, abuztuan, irailean eta urrian.

Laguntza ekonomikoez eta egoitzez gain, hautatutako pertsonek edo konpainiek beren sorkuntza-prozesuak publiko orokorraren edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, bai Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren (BAD) hurrengo edizioan, bai Bilboko Udaleko Kultura Arloko beste programa batzuen barruan. Eskabideak aurkezteko epea 2024ko apirilaren 12ra arte egongo da zabalik. Deialdiaren informazio eta oinarri guztiak BilbaoEszenaren webgunean daude eskuragarri.