Zabalik Gasteizko arte-eskoletan izena emateko epea

Izen-emateak udalaren webgunearen bidez edo aurrez aurre egin ahal izango dira.

Gasteizko arte-eskolak eta udal-zentroak 2022-2023 ikasturterako matrikulazio-aldiak irekitzen hasi dira. Aurretiko izen-ematea zabaldu duen lehena Musiketxea-Udal Folklore Akademia izan da. Bertan izena eman nahi duten horiek maiatzaren 22ra arte izango dute epea zabalik. Bertan izena ematen duten horiek, besteak beste, alboka, dultzaina, txalaparta, txistua, txirula, trikitixa eta panderoa bezalako tresnak jotzen ikasteko aukera izango dute. Gainera, ikastegian beste ikasgai hauek ere irakatsiko dira: ‘musika-hastapenak’, ‘musikaren lengoaia’, ‘euskal dantzak’, ‘abesbatza’ eta ‘perkusioa’. Izen-emateak udalaren webgunearen bidez edo aurrez aurre egin ahal izango dira.

Bestalde, maiatzaren 16an José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan ikasi nahi duten ikasle berrientzako aurretiko izen-ematea zabalduko da. Zentroak dantza-ikasketa arautuak eskaintzen ditu; hain zuzen ere, Dantza Klasikoaren espezialitateko oinarrizko ikasketak eta ikasketa profesionalak. Gasteizkoa da Euskadin horrelako ikasketak eskaintzen dituen ikastegi ofizial bakarra. Ikasleek ikasten dituzten irakasgaiak honako hauek dira: ‘Dantza Klasikoa’, ‘Dantza Tradizionala’ (Euskal Dantzak), ‘Errepertorioa’, ‘Puntak’, ‘Gaur egungo dantza’, ‘Izaerako dantza’, ‘Binako dantza’, ‘Dantzaren Historia’, ‘Dantzarekin lotutako anatomia eta elikadura’, ‘Interpretazioa’ eta ‘Musika’.

Azkenik, Luis Aranburu Musika-eskolan izena emateko epea maiatzaren 16an ireki eta maiatzaren 25era arte izango da zabalik.