GNAT Zinema Gipuzkoako 9 udalerritan

Zinema erakustaldi honen xedea da gertuen dagoen naturaren kalitatea zabaltzea, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz.

GNAT Zinemaren, Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren, bigarren edizioa herrialdeko 9 udalerritan ospatuko da maiatzaren 10 eta 20 bitartean. Egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Gipuzkoa Naturaldia programaren barruan kokatzen da. Aipatu programaren xedea da naturarekin dugun harremana sustatzea.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo edizioan gai gehiago jorratuko dira, egoitza gehiago izango dira eta estreinaldiren bat ere izango da. Egoitzei dagokionez, adibidez, pasa den urtean izan ziren 8 egoitzez gain (Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Zumaia), aurten Zumarraga ere izango da bi kokalekurekin: Zelai Arizti Zinema eta Antigua ermita.

10 film

Erakustaldian naturarekin harremana duten 10 lan ikusi ahal izango dira: ‘Salvajes’, ‘Animal’, ‘Panteras’, ‘Mama’, ‘Lo que el Pulpo me Enseñó’, ‘The Magnitude of All Things’, ‘De Quijotes y Semillas’, ‘Journey to Utopia’, ‘Urak aske eta ‘La Vida Secreta de los Árboles’. Lehenengo bi lanen kasuan Estatu mailako estreinaldiak izango dira.

Lan bakoitzean jorratzen den gaian sakondu ahal izateko, proiekzio gehienen ostean hitzaldiak izango dira. Horietan, film horietako zuzendariak, klima aldaketan aditu diren zientzialariak eta gipuzkoar aktibista gazteak izango dira.

Proiekzioak ikastetxeetan

Erakustaldiaren barruan Lexeia Larrañagak eta Alexander Gutierrezek egin duten ‘Natura bizia’ dokumentala ikusi ahal izango da 12 ikastetxetan. Egileak DBH 1 eta 2ko ikasleekin izango dira kontzientziazio-hitzaldiak emateko.

Bestalde, maiatzaren 22an, Higer Itsasargian “Trienekens Plogging Run” delako bat antolatu da erakustaldian ikusi ahal izango den ‘Mama’ lanean protagonista den GKErentzat dirua biltzeko. jarduera horretan hiru kilometroko ibilbidea egingo da zaborra biltzeko eta ingurumenaren babestearen aldeko kontzientziazioa egiteko.

GNAT Zinemako saio guztietarako sarrerak doakoak dira eta https://gip.eus/sarrerak webgunean eskura daitezke.