“Zirriborro” euskarazko idazketa sortzailearen lehenengo eskola

Ekimena Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean antolatu da eta euskarazko bertsolaritza, literatura eta poesiaren hamabi erreferente izan ditu.

Guztira 35 gaztek hartu dute parte “Zirriborro” Nafarroako gazteei zuzendutako euskarazko lehen idazketa sortzailearen eskolan. Ekimena Doneztebeko Belbieretxea Gazte Aterpetxean izan da eta euskarazko bertsolaritza, literatura eta poesiako hamabi erreferente ezagunek parte hartu dute.

Iñigo Satrustegi itzultzaile eta kazetariak sortu duen ekimena da ‘Zirriborro’, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) urtero antolatzen duen Partaidetzazko Aurrekontuak programari esker gauzatu da. Guztiz doakoa izan den eskolaren helburu nagusia izan da gazteen parte-hartze kulturala sustatzea eta euskarazko idazleen sare bat ezartzea.

Hiru egunetan zehar, parte hartzaileek tailerretan murgiltzeko aukera izan dute, fikzioa, poesia, abestia edo ez-fikzioa bezalako gaiak jorratuz.

Yolanda Arrietak, Iñigo Astizek, Uxue Juarez Gazteluk, Miren Amurizak, Isabel Etxeberriak, Oier Guillanek, Laura Chivitek, Yurre Ugartek, Oihane Garmendiak, Peru Galbetek eta Oihana Aranak beren ezagutzak partekatu dituzte sormenezko idazketan performance-teknikei buruz, pertsonaien eraikuntza eta analisiari buruz, literaturaren eta gidoiaren arteko harremanari buruz, poesiari, itzulpenari eta kantuari buruz.

Donezteben dagoen Belbieretxea gazteentzako aterpetxeak literatura esploratzeko espazio aproposa eskaini du, pentsio osoarekin eta gaua pasatzeko aukerarekin. Nafarroan erroldatutako gazteen parte-hartzeari lehentasuna eman zaion arren, gonbidapena beste lurralde euskaldunetako pertsonei ere luzatu zaie.

Tailerrez gain, egitarauak hiru emanaldi kultural eskaini ditu, besteak beste, Peru Galbete musikaria, Ameli eta Xirrikituen Jostunak elkartea eta “Bañolet” filmaren proiekzioa izan dira, azken horri buruzko zineforum bat eginez.