35 konpainiak 71 ikuskizun eskainiko dituzten KaldeArten

Ekainaren 9tik 11ra bitartean izango den XVII. edizioan orain arte erakustaldian erabili izan ez diren agertokiak bisitatuko dira

KaldeArte, Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia Gasteizko kaleetara itzuliko da ekainaren 8tik 11ra bitartean. Aurtengoa Erakustaldiaren XVII. edizioa izango da eta 35 konpainiak formatu ezberdinetako 71 emanaldi eskainiko dituzte. Horietatik guztietatik bi Estatu mailako estreinaldiak izango dira, beste bi estreinaldi absolutuak izango dira eta sei Kaldeartek koproduzitutako lanak izango dira.

Konpainia gehiago

Aurtengo edizioan Gasteizen izango diren 35 konpainietatik 10 Euskal Herrikoak dira, 13 Estatukoak eta 6 bestelako herrialdeetakoak. Horien artean, publikoak jaialdi ospetsuenetako batzuetan saritutako muntaiak ikusi ahal izango ditu.

Aurtengo edizioak aurrekoak baino aurrekontu handiagoa izango du eta hori erakustaldian izango diren konpainien kopuruan islatu da. Gainera, zenbait ordu-tartetan programazioa handitzeaz gain orain arte erakustaldian erabili izan ez diren agertokiak bisitatuko dira, hala nola, Armentiako basoa, Memoriaren Plaza edo Europa Jauregia.

Inaugurazio ofiziala datorren ekainaren 9an izango da, Artium Museoaren kanpoko fatxadan. Bertan, Harrobi Dantza Taldeak ‘Dendu’ izeneko ikuskizuna eskainiko du, dantza bertikaleko ikuskizun indartsua, Oreka TX taldearen zuzeneko musikarekin. Ikuskizuna hurrengo egunean, ekainak 10, eta ordu berean errepikatuko da.

Emanaldi horrek formatu ezberdinetako ikuskizunekin osatutako  programazioari emango dio hasiera: 8 metroko altueran trapezio eta malabareen ikuskizuna, dantza bertikala txalaparta erritmoan, basoan paseoa alegiazko animalien artean, ametsen koloreko oihal zuriz forratutako parkea, aurreikusita zegoen moduan amaituko ez zen ezkontza, dantza ikuskizun handiak, zirku karpa bat, koprodukzioak, Max sariak jaso dituzten hainbat konpainia…

Argazkia: Txente / Harrobi Dantza Bertikala