Getxok alokairurako laguntzak eskainiko dizkie gazteei

Getxoko Udalak 250.000 euro bideratuko ditu udalerriko gazteen emantzipazioa laguntzea helburu duten laguntza horiei

Getxoko Udalak etxebizitzen alokairurako laguntzak eskatzeko epea zabaldu du. Laguntza horiek gazteei zuzenduta daude eta 2020. urteari dagozkie. Guztira, 250.000 bideratuko dira gazteen emantzipazioa laguntzea helburu duten laguntza horiei. Eskaerak aurkezteko epa datorren apirilaren 7an amaituko da.

Esan bezala, laguntza horien xede nagusia gazteei beren emantzipazio prozesuan laguntzea da. Horretarako, etxebizitza alokatzeko aukera eskuragarri jarri nahi zaie gazteei udalerriko auzo guztietan. Hortaz, laguntzak udalerrian bizi diren gazteen ohiko bizilekua izango den etxebizitzaren alokairua hein batean ordaintzen laguntzeko dira.

Laguntza eskatu ahal izango dute etxebizitzaren bat jabegoan ez duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteak. Eskaeran 2020. urtean sinatutako alokairu-kontratua aurkeztu beharko da. 900 euro baino gehiagoko alokairuek ez dute laguntzarako aukerarik izango. Eskaera egiten duen pertsonak etxebizitza horretan erroldatuta egon beharko du. Etxebizitza horrek, noski, Getxon egon beharko du, udal-erroldan sartuta egon beharko du eta bizigarritasun-lizentzia izan beharko du.

Eskatzaileek ezin izango dute urtean 25.000 eurotik gorako diru-sarrera gordinik izan (titularra pertsona bat bada, edo ezkontza- edo izate-loturarik gabeko bat baino gehiago), edo 39.000 eurotik gorakorik (ezkontza-lotura edo izatezko lotura duten pertsonak badira).