‘Bilbao Basque Fest’ Aste santuan bueltatuko da 200 jarduera baino gehiagorekin

Pandemiagatik bi urtez bertan behera gelditu ondoren, apirilaren 13tik 17ra bitartean Bilbok gastronomia, musika, zinema eta herri kirolekin harremana duten hainbat jarduera hartuko ditu.

Pandemiaren eraginez ezin izan dira Bilbao Basque FEST jaialdiaren azken bi edizioak ospatu. Osasun egoerak hobera egin duenez, aurten euskal kulturaren festibala bueltan izango da. Horrela, Bilboko Udalak antolatzen duen jaialdia Aste Santuan ospatuko da, apirilaren 13tik 17ra bitartean, hain zuzen ere. Guztira 200 jarduera baino gehiago programatu dira hirian zehar izango diren 30 gune baino gehiagotan.

Aurtengoa Bilbao Basque FEST jaialdiaren zortzigarren edizioa izango da eta euskarak protagonismo berezia izango du. Horrela, hirian zehar tamaina handiko kartelen erakusketa iraunkorra izango da eta horietan bisitariei euskaraz ohikoak diren hainbat esamolde erakutsiko zaizkie.

Bost egun

Programazioa bost egunez luzatuko da eta musika, gastronomia, herri kirolak, kultura eta zinemarekin harremana duten 200 jarduera inguru izango dira. Guztira, 300 artista inguru izango dira eta zenbait estreinaldi ere izango dira. Programatuta dauden ia jarduera guztiak doakoak izango dira eta publiko guztietarako jarduerak izango dira.

Aurreko edizioetan bezala sei izango dira jaialdiaren gai nagusiak: Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport. Hiriko ostalaritzako eta merkataritzako 284 establezimenduk bat egin dute jaialdiarekin.

Inaugurazio-ekitaldia Azkuna Zentroan izango da apirilaren 13an. Bertan, Basabi taldeak Aitzina Folk arabar jaialdia eskainiko du. Azkuna zentroa jaialdiaren gune nagusietako bat izango da eta bertan aurkeztuko dira beste hiru euskal egitasmo garrantzitsu: Flamenco on fire (Iruña), Atlantikaldia (Errenteria) eta Bilbao Blues Festival.

Kafe Antzokian, gauero, Bilbao Basque FEST Rock City ospatuko da euskal rock talde nagusiekin. Bertan izango dira, adibidez, Melenas, Nize, The Toasters, Buster Shuffle, Sotomonte, Manu Gastado & The Kosmik Twaregs, Lie Detectors eta Garbayo. Aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat Euskal Sustrai Gaua da. Euskal ikur eta ikonoen gaineko proposamen bat da, eta jaialdiaren emanaldirik garrantzitsuenak bildu nahi dira bertan, hala nola dantza, herri-kirolak eta musika. Ikuskizun horrek 700 pertsona bildu nahi ditu Club Deportivoko frontoian.