Gipuzkoako Erroten eguna maiatzaren 8an

Errotak lurralde antolamenduaren eta giza-jardueraren adierazpenik esanguratsuenetako bat dira

Hainbat mendez, errotek Gipuzkoako garapen ekonomiko, sozial eta industrialean eragin dute. Duela 40 urte Antxon Agirre Sorondok ‘Tratado de molinología’ liburuan jaso zuenez, Gipuzkoa 600 errota inguru zeuden. Bere garaian zuten garrantzi ekonomikoa galdu badute ere, errotek errotek ondare balio berria hartu dute, bizimodu bati eta gizarte baten jakintzen transmisioari estuki lotutako jarduera batena, hain zuzen ere.

Ondare horren balioa agerian jartzeko Gipuzkoako Erroten Egunaren lehen edizioa ospatuko da datorren maiatzaren 8an. Ihurrita Errota elkarteak sustatu duen ekimena da eta hainbat elkarte, udalerri eta eragileen babesa jaso du, horien artean, San Telmo Museoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Ondare historiko garrantzitsua

Gipuzkoako Erroten Egunaren xedea da jendeari errotak hobeto ezagutzeko eta ondare-elementu horri lotutako alderdi ezberdinak ulertzeko aukera ematea: historia, kultura, ingurumena, teknologia, teknologia ezberdinen erabilera edo gizartean eta paisaian izan diren aldaketak.

Izan ere, errotak lurralde antolamenduaren eta giza-jardueraren adierazpenik esanguratsuenetako bat dira. Horien bidez gure arbasoek beren ingurunearekin zuten harremana eta haien bizimodua ezagutzeko aukera dugu.

Erroten industria oso garrantzitsua izan Gipuzkoan, bertako orografiak eta klima euritsuak energia hidraulikoaz baliatzeko aukera ematen baitzuen. Horri esker hainbat zereal ehotzeko aukera izan zen. Erroten garrantzia Amerikatik iritsi zen artoarekin biderkatu zen. Zereal horrek gure gizartean hartu zuen garrantziari esker errotak ezinbestekoak bilakatu ziren hainbat mendez.

40 jarduera baino gehiagok publiko guztiarentzako egitaraua osatzen dute, besteak beste, errotagintza topaketa, hitzaldiak, bisita gidatuak, haur eta familientzako tailerrak, martxak, erromeriak, ate irekien egunak… Zehazki, Aia, Altzo, Amezketa, Antzuola, Arama, Asteasu, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Beizama, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Eskoriatza, EzkioItsaso, Gabiria, Irun, Larraul, Legazpi, Mutiloa, Oiartzun, Oñati, Ormaiztegi, Tolosa, Usurbil, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zizurkil eta Zumaian egingo dira jarduerak.