Nafarroako Xacobeo Gaztea

Iazko harrera onaren ondoren, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, bigarren urtez jarraian, Xacobeo Gaztea esperientzia errepikatuko du

Nafarroako Gazteriaren Institutuak abian jarri du Nafarroako Xacobeo Gaztea 2022 jarduera. Egitasmo horretan parte har dezakete Nafarroako Gazte Txartela duten 18 eta 24 urte bitarteko gazteak. Izena emateko epea jada zabalik da eta datorren maiatzaren 8an amaituko da.

Egitasmoa ekainaren 27tik uztailaren 8ra bitartean gauzatuko da eta 25 plaza besterik ez dira izango. Jarduera bi fasetan banatzen da. Lehenengo fasean mendi-ibilien etapak eta autobusez zenbait toki esanguratsuetara egingo diren bisitak txandakatuko dira, hala nola, Atapuercako parke arkeologikoa, Huelgas Realeseko monasterioa (Burgos), Astorgako museo erromatarra edo Las Médulas parkea eta interpretazio-zentroa. Bigarren fasean Galiziako Bide Frantsesaren azken 5 etapak egingo dira, Donejakue Bidea egin izana ziurtatzen duen Konpostela lortzeko helburuarekin. Oinez egin beharreko ibilbidea, guztira 115 kilometro ingurukoa izango da. Ostatua horrelako taldeak hartzeko prestatuta dauden aterpetxeetan hartuko da.

Jarduera honetan parte hartzeko prezioa 180 eurokoa da eta garraioa, ostatua, mantenua eta bisita gidatuak hartzen ditu barne.

Izena ematen denean bi pertsonentzako plaza hartzeko aukera dago. Izen-emateak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webgunearen bidez egin behar dira. Horretarako bertan den inprimakia osatu eta bidali behar da. Izena ematen duten horien guztien artean 25 plaza zozkatuko dira maiatzaren 9an, 12:00etan.