Donejakueko bide lapurrak

Donejakue bidean barrena darrait eta istorioak etzaizkit falta hainbat mistizismo eta babukeria indargabetzeko. Aurreko batean, José Antonio pelegrinoaren pikardiaz aritu banintzaizuen, oraingo honetan bide lapurrei buruz hitz egitera natorkizue. Izan ere, hitz hau entzun eta erdi arora garamatza imajinazioak, jauntxoak beren gurdietan bidaiatu eta bidean kaputxadun zaldunak azaltzen zitzaizkieneko garai hartara. Haiek ederki ezagutzen zituzten basoetako bidezidor guztiak, zeintzuetan izkutatu ahal ziren gobernadore eta alkateen gurdiak handik noiz pasako zain.

Mendeek aurrera egin dute, baina gurdiak wifidun autobusetan bihurtu diren honetan badago oraindik garai haietako xarma gordeaz bideetan barrena dabilen ibiltari berezirik. Ezin ordea erromesak direnik esan, ez behintzat Donejakue bidea egiten ari diren erromesak. Hauen gidaliburuek markatzen dituzten ibilbideak ezagutu nahiko nituzke nik, ezin baitaiteke izan ni goizean goiz ekitea ibiltzeari, erromesik ez topatzea bidean, eta etapa amaitzerakoan albergean egotea jada aurreko gaua elkarrekin pasatako gainontzeko pertsonaia horiek.

Badira beraz bideak eta bideak. Esan lezakete Santiagorako errepide nazionaleko bidea egiten ari direla. Edota Santiagorako norberaren bidea ari direla osatzen, zeinetan nekatuta bazaude, autobus edo trena ere har dezakezun. Baina mesedez, zortzi orduz ibili ostean, oinak babaz josita albergera iristen naizenean, ez iezadazu esan Donejakue bidea egiten ari zarenik, are gutxiago iparraldekoa.

Bide lapurrak dira horiek, berezko bideak eskaintzen dituen mendi igoera eta jaitsiera gogor bezain zoragarriak ekiditen dituztelako etaparen amaierako albergean lekua ziurtatzearren. Azken finean, ez al diote bada lekua lapurtzen jatorrizko bidea egiten ari den erromesari? Baina halakoa da albergeetako politika, gehienetan erretserbarik gabe hartzen da ostatu, ibiltariak iristen diren heinean bete arte.

Askoren ahotan entzun dudan aitzakiarik erabiliena zera izan da, bidean topatu dituzten herritarrak emandako argibideei egin dietela kasu eta zertarako nekatu mendian gora errepidetik laburtu ahal denean?

Astez aste ari naiz galtzen Donejakue bideak jaso zezakeen kutsu mistikoa, eta gidaliburuak markatzen duen ibilbideari zintzo mantentzen natzaion arren, ezin gorde barruan amorrua lurrean lo egitea egokitu zaidanean albergea jada beteta zegoelako. Askok esango duzue aferaren alde positiboa begiratu beharko nukeela, okerrago zatekeela kalean lo egin behar izan banu. Ba ez lagunok, ez horixe. Bestelako kontua direlako albergeetako gauak janzten dituzten soinu magikoak, puzker eta etengabeko zurrunka gorrotagarriak. Oraindik ez dut zurrunkarik entzun ez dudan gau bakarra igaro egindako bide guztian zehar. Santillana del Mar-eko albergean lau lagun elkartu ginen geletako batean. Pentsatu nuen nik gau hark luzatuko zidala aurreko guztiak ahanzteko deskantsu desiragarria. Baina ez. Lau lagunetatik batek eman zuen kontzertua, ehuneko hogeita bostak beraz. Zurrunka galanta.

Tira ba. Hauxe izango ote nire ikasgaia bidean zehar? Albergean lekua zihurtatzeko bidelaburrak erabili, eta afari bapoa egin ostean zurrunka eta puzker lotsagabeak aireratzen dituzten ibiltariak gorestea? Ez jauna. Ez naiz ni horretarako aukeratua izan. Horiek ez dira erromesak, bide lapurrak baizik. Eta bidean nolabaiteko eraldaketa mistikoa sufrituko nuela amestera iritsi banaiz noizbait, hori ere uxatu didate zurrunkari amets lapur zaratatsu hauek. Amen.

Gotzon Sanchez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.