575 eman dute urtero Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak antolatzen duen Auzolandegiak programaren aurtengo edizioan parte hartzeko. Aurten, parte-hartzaileen gutxieneko adina zabaldu da; 14 urteko gazteek ere izena emateko aukera izan dute. Aurtengo edizioan izena emateko epea pasa den apirilaren 26an amaitu zen eta, esan bezala, 575 izan dira izena eman dutenak. Pasa den urtean, adibidez, 275 izan ziren. Gazteria zuzendari Agurtzane Llanok azaldu duenez, gutxieneko adina jaistea oso neurri arrakastatsua izan da; 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako auzolandegietarako adin-tarte horretako 193 gaztek izena man dute.
Plazak aukeratu
Izena eman dutenen kopurua Euskadin garatuko diren auzolandegietan eskaintzen diren plaza kopurua baino nabarmen altuagoa da. Hortaz, zenbait gaztek Euskaditik kanpo antolatzen diren auzolandegietan parte hartu beharko dute.
Auzolandegietan parte hartzeko hautatuak izan diren gazteen zerrenda jada argitaratu da. Zerrenda horretan diren gazteek SMS edo e-mail bidez jasoko dute gustuko duten auzolandegia aukeratzeko aplikazioan sartzeko gakoa eta zein egunetan eta ordutan egin behar duten. Plazak aukeratzeko prozesua maiatzaren 5ean hasiko da. Prozesu horren inguruko argibide guztiak Gazteaukera webgunean ikus daitezke. Dagokion egunean eta orduan sartzen ez denak bere txanda galduko du.
Behin prozesu hori amaituta, plaza lortu duten gazteek bi eguneko epea izango dute ordainketa egiteko. Lehen txanda horretan plaza eskuratu ez duten horiek, berriz, bigarren aukera bat izango dute maiatzaren bigarren hamabostaldian.