Irudimena izango da Getxophotoko ardatz nagusia

Getxophotoren 16. edizioak, bizitzari zentzua emateko orduan irudimenak betetzen duen rola eta irudiek horretarako eskaintzen dituzten aukerak aztertzea proposatuko du.

Irudimena izango da ekainaren 2tik 26ra bitartean ospatuko den aurtengo Getxophoto-Nazioarteko Irudi Jaialdiaren gai nagusia. Aurtengoa jaialdiaren XVI. edizioa izango da eta irudimenak bizitzari zentzua emateko orduan jokatzen duen paperaz eta horretan irudiek eskaintzen duten aukeren inguruan hausnartzera gonbidatuko du.

Jon Uriartek egingo ditu, berriz ere, jaialdiko komisario-lanak. Guztira 20 argazkilari inguru bilduko ditu aurten Getxophotok, horietako batzuk atzerritarrak (Suitza, Bolivia, Mexiko, Erresuma Batua, Brasil, Kolonbia, Turkia…). Horien lanak ikusgai izango dira udalerriko hainbat gunetan, horietako gehienak, aire zabalean: Algortako erdigunea, Ereagako hondartzako pasealekua, Erromoko Kultur Etxea… Aurten, gainera, berrikuntza gisa, hiru gune berri gehituko dira: Begoñako Lurmuturreko Galeriak, Algortako Kasinoa eta Algortako Portu Zaharreko Daduena etxea.