Pasaiako Itsas Festibalaren bigarren edizioa

Festibalaren erakargarritasunetako bat itsasontzi handiak bisitatzeko aukera da. Pasaian izango dira, besteak beste, honako ontzi hauek: La Recouvrance, Marité, Oosterschelde, Ring Andersen, eta XVIII. mendeko Shtandart fragataren erreplika.

Lau urteko itxaronaldiaren ondoren, Pasaia Itsas Festibalaren bigarren edizioa ospatuko da maiatzaren 26tik 29ra bitartean. Festibala hainbat kulturatako eta ondare-balioko ontzi tradizionalen topagunea da. Lau egunetan zehar, Pasaiako badiak itsas ondareari, kulturari, musikari, dantzari eta gastronomiari lotutako hainbat jarduera hartuko ditu. Parte-hartzaileek aurreikusi dutenez, 160 ontzi inguru izango dira bertan.

Festibalaren xede nagusia Gipuzkoako itsas ondarearen zabalkundea da. Aurtengo ediziorako prestatu den programazioa bi atal nagusitan bana daiteke. Alde batetik, programazio iraunkorra legoke, erakusketa eta standekin, artisau-merkatuarekin, lanbide tradizionalen zuzeneko erakustaldiekin edo garraio handiko itsasontzietara egin ahal izango diren bisitekin. Bestalde, jarduera zehatzekin osatutako programazioa dago, hots, data eta ordutegi zehatz batean izango direnak.

Programazioa

Bigarren edizio honetarako askotariko jarduerak programatu dira. Jarduera horiek Pasaiako 4 barrutietan (Antxo, Donibane, San Pedro eta Trintxerpe) zein itsasoan izan daitezke.

Festibalaren erakargarritasunetako bat itsasontzi handiak bisitatzeko aukera da. Pasaian izango dira, besteak beste, honako ontzi hauek: La Recouvrance, Marité, Oosterschelde, Ring Andersen, eta XVIII. mendeko Shtandart fragataren erreplika.

Horrez gain, hainbat erakusketa bisitatzeko aukera izango da, hala nola, Gildas Flahault frantziar margolariarena,  “Elkano Itsas Herria”, “Antxoko Kai Zaharra”, “Refachos”, “Marinas”, “Nación mar”eta “Munduko Xirolarruak”.

Musikari dagokionez, agertoki ezberdinetatik Oreka TX + Thierry Biscary, Pao Barreto, Mugan, Fetén FeténLiher, Arima Soul eta Fundación Tony Manero pasatuko dira.