Abian da Getxophoto-Nazioarteko Irudi Jaialdia

‘Imajinatu’ lelopean ospatu den edizio berrian nazioarteko 20 argazkilariren erakusketak ikusi ahal izango dira, gehiena, aire zabalean.

Ekainaren 2an abian jarriko da aurtengo GetxoPhoto-Nazioarteko Irudi Jaialdia. ‘Imajinatu’ lelopean, ekainaren 26ra arte luzatuko den edizioak nazioarteko 20 artistaren erakusketak hartuko ditu. Erakusketa gehienak aire zabalean izango dira: Algortako hirigunea, Ereagako pasealekua, Erromoko Kultur Etxea… Aurten, gainera, berrikuntza gisa, hiru gune berri gehituko dira: Begoñako Lurmuturreko GaleriakAlgortako Kasinoa eta Algortako Portu Zaharreko Daduena etxea.

Hamaika jarduera

Hastear den edizioaren lehen asteak hainbat jarduera hartuko ditu. Ekainaren 3an, adibidez, ‘Itxialdia’ hausnarketa-jardunaldia ospatuko da Begoñako Lurmuturreko Galerietan. Jardunaldia irudiaren sektorean lan egiten duten ikasleei eta profesionalei zuzentzen zaie.

Egun berean, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, inaugurazio ofiziala emango zaio aurtengo edizioari Jon Uriarte komisarioaren eta aurtengo edizioan parte hartuko duten zenbait argazkilariren eskutik.

Ekainaren 4an, jaialdian egiten ohi den irteera egingo da. San Nikolas plazatik abiatuta, ibilbide bat egingo da herritik zehar erakusketa ezberdinak bisitatzeko. Bertan artistak izango dira haien lanak azaltzeko. Arratsaldean Clare Strandek “All That Hoopla” erakusketa aurkeztuko du Algortako Kasinoan. Igandean, ekainak 5, Begoñako Lurmuturreko Galerietan, “Open weather” kolektiboak ‘Ezinezko estazio meteorologikoa’ jarduerarekin esperimentatzeko aukera eskainiko du. Satelite meteorologikoen transmisioak atzeman, eskuratu eta deskodifikatu daitezke Estazio horretan eta baita ere zure irudi propioak sortu.