Nik ez dut aho-sexua praktikatzen

Gure gizartean aho-sexua guztioi gustatzen zaigunaren ideia oso zabalduta dago, baina baieztapen hori ez da guztiz zuzena

Aho-sexua oso zabalduta dago bikoteen arteko sexu-harremanetan. Nolabait, sexu mota hori mundu guztiari gustatzen zaionaren ideia oso zabalduta dago gure artean eta, horregatik, aho-sexua gustuko ez duten horiei zaila egiten zaie hori onartzea.

Lehenik eta behin, bi ideia azpimarratu behar dira. Sexuaz gozatzeko ezinbestekoa da eroso sentiarazten gaituzten praktika horiek bakarrik burutzea. Eta gehiengoak uste duenaren kontra, aho-sexua ez dago uste bezain hedatua. Horrela ondorioztatzen dute behintzat zenbait ikerketak. Adibidez, Journal Sex of Medicine aldizkarian argitaratutako ikerlan baten arabera, gizonen ia heren batek ez du aho-sexua ematen edo jasotzen. Canadian Journal of Human Sexuality aldizkarian argitaratutako beste ikerketa batean, berriz, 18 eta 24 urteko emakumeen % 28k bakarrik onartu zuen gustura sentitzen zela aho-sexua ematen edo jasotzen.

Aho-sexua praktikatzeko beldurra

Aho-sexua beste edozein sexu-praktika bezain atsegingarria izan daiteke. Hala ere, horrelako praktikaren inguruan badira bestelako praktiken inguruan ez diren zenbait beldur edo oztopo. Horietako bat, adibidez, usaina eta zaporea omen da. Hainbat jendek ez du gustuko genitalen usaina edo fluidoen zaporea. Horretarako irtenbiderik egokiena higiene egoki bat izatea da. Gainera, merkatuan badira genitalen usaina eta zaporea izkutatzen laguntzen duten usain eta zapore ezberdineko lubrifikatzaileak.

Aho-sexuaren inguruan badira bestelako praktiken inguruan ez diren zenbait beldur eta oztopo: STGak, genitalen usaina eta zaporea, esperientzia falta…

Aho-sexuaren inguruan den beste beldur bat sexu-transmisiozko gaixotasunena da. Izan ere, sexu mota hori sarritan STGekin erlazionatu izan da, batez ere, noizbehinkako sexu-harremanetan. Arrisku hori ekiditeko aukeran dira kondoiak eta latex hesiak. Harreman ‘itxietan’, printzipioz, ez genuke horrelako arriskuaren beldur izan behar. 

Edozein kasutan, horrelako egoera baten aurrean ezinbestekoa da gure bikotekidearekin komunikazio irekia izatea. Aho-sexua gustuko ez badugu edo praktika horretan eroso sentitzen ez bagara, onena bikotekideari azaltzea da. Modu horretan irtenbide bat aurkitzeko aukera izan daiteke.