Gazte Klik Klak erakusketa Amarika Aretoan

Aurtengo edizioko irabazleek Tetrapack egitasmoaren bigarren fasean parte hartzeko aukera izango dute, urtarriletik apirilera bitartean.

Gazte Klik Klak argazkigintzako eta bideogintzako lehiaketaren XIV. edizioan hautatutako eta saritutako lanen erakusketa ikusgai izango da Amarika Aretoan datorren urtarrilaren 22ra arte.

Aurtengo edizioko garaileak eta haien lanak honako hauek izan dira: Óscar Golpe Itxurak lanarekin, Rafael Hernández El jersey lanarekin, eta Ainhoa García de Cortázar eta Lucía Jayo Forma, similitud y azar” eta “Wacky Races” argazki multzoekin. Aipatu lan horiez gain, erakusketa epaimahaiak hautatu dituen beste zortzi gazteren lanekin osatu da: Beñat Gorostidi, María Fariñas, Óscar Golpe, Haydée Iza, Garazi Aguirresarobe, Xabi Martínez de Pinero, Markel Fernández eta Jorge Pinero. Edizio honetarako proposatutako gaia zoria izan da.

Tetrapack

Aurtengo edizioko irabazleek egitasmoaren bigarren fasean parte hartzeko aukera izango dute: Tetrapack. Bertan, gazteek, urtarriletik apirilera bitartean, tutoretza jasoko dute eta udaberrian, prozesu horren emaitzak hartuko dituen Tetrapack erakusketan parte hartu ahal izango dute.

Era berean, eta egitasmo beraren barruan, otsaileko igandeetan gertu-gertutik ezagutu ahal izango dira Estatu mailan entzutea duten eta haien lan artistikoan argazkigintzak eta bideogintzak funtsezko tokia betetzen duen lau artista garaikideren esperientzia eta sormen-proiektuak. Doako topaketa horiek ere Amarika Aretoan izango dira. Lehenengo topaketa otsailaren 5ean izango da eta bertan Nagore Legarreta izango da. Otsailaren 12an Maider Jiménez eta Laura Carrascosaren txanda izango da eta otsailaren 19an Jon Cazenavek amaiera emango dio zikloari.