Ines Osinaga (Gose): “Gure kantek duintasun bat merezi dute”

Gosea asetzeko asmoz, ‘Gose’ musika taldeak beste lan berri bat kaleratu du, bere laugarren diskoa, alegia. Taldeak, lan bakoitzari janzkera berezia ematen dio kolore baten bidez oraingoan arrosa izan dena “desirak izateko eta ilusioa izateko”. Ines Osinagak (ahotsa eta trikitixa), Iñaki Bengoak (erritmoak eta sekuentziak) eta Jon Iñaki Zubiagak “Osoron” (gitarra eta baxua) osatzen dute Arrasaten 2004an eratutako talde hau. Hiruek talde desberdinetan aritu ziren Gosen baino lehenago, hain zuzen, Ines Ekon taldean, Iñaki Bad F-linen, eta Jon Iñaki Gatillazon. Ines Osinagak (Arrasate, 1982) aipatu bezala, “ezinegon antzerakoak partekatzen” zituztelako elkartu ziren. Berarekin hizketan, taldearen eta bere azken lanaren inguruko beste hainbat gauza ere esan dizkigu.

Nola bururatu zitzaizuen trikitia musika elektronikoarekin uztartzea?

Bide batez bi gauzak, bai trikia bai musika elektronikoa ere gustatzen zaizkigulako, eta ez zitzaizkigulako ez fandangoak ezta DJ enpresa aspergarriak ere gustatzen. Hori dela eta bi gauzak uztartuz gure gustuko zerbaitetan pentsatu genuen eta esperimentua izanik hasi ginen, ziur aski, garai batean, ardoa eta Coca Cola nahastearena izan zen bezalakoa.

Zuen laugarren lana DVDan ikusgai dago eta, era berean, zuen webguneak irudiarekin jokatzen du asko. Irudiari garrantzia nahi eman diozue ala modernitate kontua izan al da?

Ez bata ez bestea. Irudiari beti eman diogu garrantzia, lehenbiziko diskotik Goseren zuzeneko kontzertuetan irudia oso presente egon baita beti. Bideoa laugarren instrumentua da eta gure asmoa ez da modernizatzea, baina egia da bideoari euskarri fisikoa eman nahi geniola. Gaur egun bideoak egiten dituzunean ohikoa da sarean eskaintzea. Hitzak haizeak eramaten dituenez, nahi izaten duzu horri euskarri fisikoa eman. Eta oraingoan hori egin dugu dokumental batekin, bideoklip batzuekin, zuzeneko kontzertu batekin… Hori da kaleratu nahi genuena. Horrez gain, proposamen bat genuen 10-12 lagunez egindakoa, gure kantak haiek bere egiteko DVDarekin batera kaleratu duguna.

Proposamen hori diska bat da non Fermin Muguruzak, Oreka TX-ek, Mikel Urdangarinek eta abar parte hartu duten. Esperientzia berria izan al da?

Bai, baina gutxi gorabehera ezagutzen genituen kontzertuetan topatzetik edota grabazio estudioetan topatzetik. Haiekin abesten jartzea sekulako esperientzia izan da asko ikasi dugulako eta guretzako plazera izan da.

Irudiaren kontura itzuliz, musika munduan berriztatzaile izan behar duzuela uste al duzu merkatuan mantentzeko?

Musika merkatua hain zaila da… Horri buruz disketxeek hobeto hitz egin dezakete. Guk musika egiten dugu eta ostean musika merkatuan egon behar bagara, ondo. Gure ikuspuntua beste bat da nahiz eta gu ere autoekoizle ere bagara. Egia da gure lana autoproduzioa izan dela, baina horren gainetik musikariak gara. Orduan ezin dugu hitz egin industriaz, hori baino duintasun gehiago eskatzen dute gure kantek. Beraz, diskak kaleratzen ditugu guk musika eskaintzeko eta norbaiti gustatzen bazaio gure musika, ederki, eta bestela, beste zerbaiten bila segi behar.

Zuen lanen autoekoizle izan zarete hala nahi izan duzuelako?

Ez, duintasun kontua da. Guk ekoiztu dugu modu duin batean gure kantak kaleratzeko prest zegoen disketxerik topatu ez dugulako. Guk uste dugu gure kantek duintasun bat merezi dutela.

Musikan kolpeak jaso daitezkela eta haietatik bizkor ateratzea izan dela taldearen ezaugarrietako bat diozue. Zer egiten duzue kolpe horiek ekiditeko?

Hau promozio orrian jarri dugu eta nahiz eta ez den hori horrela beti, egia da gure ezaugarrietako bat aurrera egitea eta borroka egitea dela. Kolpe guztietatik ikasten da eta bi aukera dituzu, burua makurtu ala aurrera egin.

Nolako harrera jaso zenuten Japonian eta Kurdistanen emandako kontzertuetan?

Izugarrizkoa. Egia esan, asko harritu gintuen etxetik hain urrutira joatea eta guk sentitzea gure kantak ondo ulertzen zituztela nahiz eta haiek euskararen piperrik ez ulertu.  Azken batean, musika hizkuntza internazionala da eta horrrekin frogatzen da aurreritziak alde batera utzi behar direla.

Aurten ere atzerrira joateko asmorik al duzue?

Aurten ez daukagu ezer planifikaturik, urtea bukatzeko geratzen den hilabetean egingo dugu diska aurkeztu, Durangoko azokara joan eta Euskal Herrian zehar diska aurkeztu. Datorren urtekoak datorren urtekoak izango dira.

Eta Gose V ikusi ahal izango dugu?

Bai guk hala pentsatuta daukagu behintzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.