Gazteen soldata ez da hipoteka baterako iristen

Espainiako Gazte Kontseiluaren Etxebizitzaren Behatokiak argitaratu berri duen txostenaren arabera, gazteek 2.200 euro irabazi beharko lituzteke hilean, gutxi gorabehera 27.211 euro urtean, etxebizitza bat erosi ahal izateko. Aipatu ikerketaren arabera, gazteek irabazten duten soldataren % 52,4a hipoteka ordaintzeko bideratu behar dute.

Datuei erreparatuz gero, Gipuzkoako, Bartzelonako, Bizkaiko, Madrilgo, Balear Uharteetako, Kantabriako eta Malagako gazteek soldataren % 60 bideratu behar dute etxebizitza ordaintzeko. Palentzia, Lugo, Badajoz, Cuenca, Cáceres, Ciudad Real eta Teruelekoek. berriz, % 30-35 inguru.

Gauzak horrela, txostenean diru-sartze eta soldataren arteko desberdintasunak ere agertzen dira autonomia erkidegoka. Adibidez Euskadin, desberdintasun hori % 119,92ra heltzen da. Madrilen kasuan, berriz, desberdintasuna % 111,56koa da, eta Balear Uharteetan % 111,26koa. Desberdintasun gutxien aurkezten dituzten erkidegoak Extremadura (% 9,96), Gaztela-Mantxa (%30,82) eta Gaztela eta Leon (%42,15) dira.

Txostenean jasotzen da, halaber, gazteek zenbat metro karratu eros ditzaketen beren diru-sarreren arabera. Horrela, batez besteko neurria etxebizitza erosi nahi denean 57,3 metro koadrokoa dela dio txostenak eta etxebizitza alokatu nahi denean 45,3 metro koadrokoa.

Beste datu nabarmena da emanzipatzen diren gazteen tasa % 45,8n dagoela. 25 urtetik gorakoen artean, errazago independizatzen direnak goi-mailako ikasketak dituzten emakumeak dira.