Abian da Punto de Vista Zinemaldia

Abian da Nafarroako Punto de Vista Zinemaldiaren aurtengo edizioa, hots, hamabostgarrena. Martxoaren 15etik 22ra bitartean ospatuko den edizio berria modu presentzialean zein online jarraitu ahal izango da. Izan ere, Atal Ofizialaren programazioaren zati bat edo Amos Vogel-i eskainitako atzera begirakoa Festival Scope plataformaren bidez ikusi ahal izango da.

Eskaintza zabala

Aurtengo Punto de Vista Zinemaldiaren programazioa zazpi bloke nagusitan banatuta dago. Lehenik eta behin, Atal Ofiziala dago. Bertan, mundu osotik aurkeztutako 32 lan ikusi ahal izango dira. Atzera Begirako atalean bi izango dira omenduak: Amos Vogel kuradorea eta Nancy Holt dizplina anitzeko artista. Dokbizia atalak diziplina ezberdinetako artisten lanak bilduko ditu, adibidez, Lois Patiño, C.W. Winter, María Salgado, Vera Mantero, Xabier Erkizia, Fermín Jiménez Landa, Oier Etxeberria edo Sam Green.

Punto de Vista Labs atala, beste behin, sormen kolektiborako elkartruke gunea izango da. Foku Garaikideak atalean, berriz, mugimenduan dagoen irudia lantzen duten artisten programa monografikoak aurkeztuko dira, nekez erakusten direnak fikziozkoa ez den zinema jaialdien testuinguruan. Atal horretan Robert Fenz, Pedro G. Romero eta Forensic Architectureko Nicholas Zembashi eta Lawrence Abu Hamdan lanak izango dira ikusgai.

Saio Bereziak atalean X Films programa eta euskal eta nafar zinegileen topaketa ospatuko dira. Azkenik, Hezkuntza Programak zinemaldia publiko berrietara zabaltzen jarraituko du.

Punto de Vistaren 15. edizioak Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatutako topagune berri bat du, La Plaza izenekoa, jaialdiaren egoitza nagusia den Baluarte plazan aire librean jarriko den karpa bat da, hain zuzen ere.

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.