Euskararen erabilera UPV/EHUn

Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) zenbait fakultateko eremu ez-formaletan den euskararen erabilera neurtu du. Emaitzak oso heterogeneoak dira eta % 7 eta % 52 artean kokatzen dira. Egileek azpimarratu dutenez, berriki jasotako datu horiek hiriburuetako kaleetako gazteen euskarazko erabilera-datuekin alderatuta, unibertsitateko emaitzak arinki altuagoak direla ikus daiteke.

Adituen ustez, hiztunen ibilbidean mugarri bat izan ohi da unibertsitate garaia, bertan hizkuntza-mudantzak gertatzen baitira. Hortaz, horrelako ikerketak oso baliagarriak izan daitezke gazteen hizkuntza-errealitatera hurbiltzeko, esparru propioetan eta beren arteko elkarrizketetan dituzten hizkuntza-praktikak, ohiturak eta joerak ezagutzeko balio dutelako.

Ikerketa

Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitatean euskararen erabilera areagotzea helburu duen Aktibatu programaren barruan garatu da. Esan bezala, emaitzak askotarikoak izan dira, egileek azaltzen duten moduan, testuinguruak garrantzi handia duela euskararen aldeko hautua egitean. Horrela, euskara-erabilerarik altuena Gipuzkoako Campuseko fakultateetan jaso da (% 27,5 eta % 52,9 artekoa) eta, baxuena, berriz, Bilbon kokatutako fakultateetan (% 6,6 eta % 18,9 artekoa).

Hiztunen ibilbidean mugarri bat izan ohi da unibertsitate garaia, bertan hizkuntza-mudantzak gertatzen baitira.  

Generoari dagokionez, azpimarratzekoa da, oro har, euskararen erabilera altuagoa dela emakumeen artean gizonen artean baino. Ez hori bakarrik, erabilera zenbat eta altuagoa izan orduan eta desparekotasun handiagoa emakume eta gizonen artean.

Fakultate gehienetan, talde mistoetako euskararen erabilera da altuena. Aldi berean, erabilera formaletik hurbil dagoenean eremu informaletako euskararen erabilera ere handitu egiten dela ikusi da.

Azkenik, esanguratsua da ez dela joera garbirik antzeman ikasleen eta ez-ikasleen erabileren artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.