Urdaibai, Euskadiko lehen turismo-helmuga iraunkorra

Urdaibaiko Biosfera Erreserba Euskadiko lehen turismo-helmuga iraunkorra da. Hala egiaztatzen du Europarc nazioarteko agentziak emandako Turismo Jasangarriaren Europako Gutunak (TJEG).

Aitorpen hori ibilbide-orri bat da eta ekoturismoaren printzipioetan oinarritutako turismoa nola garatu zehazten du. Horretarako, ingurumenarekiko, gizartearekiko eta ekonomiarekiko errespetuan oinarritzen da.

Aintzatespen horrek aukera emango du nazioartean helmuga hori ezagutzera emateko eta, modu horretan, lurraldearen kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren arteko oreka babesteko. Horrez gain, eskualde hori kalitatezko turismo-helmuga arduratsu eta seguru gisa bultzatzeko aukera ere emango du, Euskadin erreferentziazkoa.

Urdaibai UNESCOren Biosfera Erreserba gisa izendatua izan zen 1984an, Eusko Jaurlaritzak hala proposatuta, haren ingurumen-balioari eusteko jasangarritasunerako erreferentziazko ingurune bilakatu ondoren. 

Oka ibaia eta bertako padurak dira haren erdigunea, ingurumen-balio handiko paisaiak. 22.000 hektareako ingurune hori Matxitxakotik Arboliz Puntaraino hedatzen da eta Oiz mendia du hegoaldeko muga. 45.000 pertsona inguruko biztanleria du, historiaz, kulturaz, gastronomiaz eta natur ondarez betetako 22 udalerritan banatua.

TJEGren helburu nagusia da jasangarritasunari lotuz turismoaren garapena sustatzea. TJEG turismo jasangarriaren printzipioak aplikatzeko metodo bat eta konpromiso boluntario bat da. Jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei bideratzen zaie, beren estrategiak modu partekatuan zehaztu ditzaten.

Egun, 168 gune atxiki zaizkio TJEGri, 20 herrialdetan sakabanaturik. Ziurtapen horren abantailen artean, nabarmendu behar da Europan turismo jasangarriko gaietan bikaintasun lurralde izateagatik saritzen dela, gizarte eta ekonomiaren garapen orekatua bultzatzen dela eta kalitatezko produktu turistikoak, jatorrak eta ingurunearekin bat datozenak, garatzen direla.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.