Sarritan, harreman sexualak izaten ditugu alkohola edan ostean. Horregatik, agian, jarraian azalduko ditudan adibideak ezagunak egingo zaizkizu. Alkoholaren kontsumoak duen ondorioetako bat deshidratazioa da. Ondo hidratatuta egotea ezinbestekoa da mutilen kasuan zakila tenkatzeko behar den bezainbeste odol izateko. Emakumeen kasuan, berriz, hidratazioak posible egiten du bagina behar bezala lubrifikatuta egotea. Hori horrela ez bada, barneraketa zaila egiten da eta mingarria ere izan daiteke.
Zakila zutitu gabe nekez eman daiteke koitoa. Kasu horietan, antsietatea eta frustrazioa azal daitezke eta horien ondorioz, berriz, etorkizunean izan daitezkeen harremanetan segurtasun falta nagusitu daiteke. Alkoholak zakilaren zutitzea atzera dezake. Efektu hori positibotzat jotzen da mutilen artean, modu horretan, sexu-harremana luzatzeko aukera baitute. Efektu hori alkoholak zentzumenen murriztapena eragiten duelako ematen da eta, ondorioz, baita plazerarena ere.
Dena den, alkoholaren eragin negatiboena sexu-transmisiozko gaixotasunena da. Izan ere, alkohol gehiegi kontsumitzen dugunean, sarritan, ez dugu erabaki zuzenak hartzeko gaitasuna % 100ean mantentzen. Horrek ez du esan nahi alkohola edan gabe erabaki zuzenak hartuko ditugunik. Horregatik, hobe beti antisorgailuak erabiltzen badituzue.
Azkenik, alkoholak izan dezakeen efektu positibo bat aipatu nahiko nuke. Alkoholak desinhibitzeko aukera ematen du eta, ondorioz, urduri bagaude, konfiantza eta segurtasuna lortzeko baliagarri izan daiteke. Hala ere, Shakespearek zioen moduan “drogek eta alkoholak desioa pizten dute baina, aldi berean, gauzatzea zapuzten dute”.
Lohizune Loroño