UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek osatzen duten BiSKY Team koheteria-taldeak diseinatutako Atlas izeneko lehen suziri modularrak, 2.200 metro inguruko goia jo zuen pasa den uztailaren 3an. Jaurtiketa arrakastatsua izan zen eta ikasle-taldearen aurreikuspenak bete ziren. 1,8 metroko altuera eta 103 mm-ko diametroa duen Atlas kohetearen abionika guztia bere osotasunean BiSKY taldeko kideek garatu dute.
Atlas suziria modularra da, eta horrek aldakortasun handia ematen dio. Bere diseinuak berau osatzen duten lau moduluetako bat edo batzuk erauzteko eta trukatzeko aukera ematen du, eta horrek aukera ematen du hainbat sistemarekin esperimentatzeko, suziri berri bat egin beharrik gabe. Horri esker, eskura dauden baliabideak optimizatzen dira, eta ahalegina eta denbora aurrezten da. Gainera, suziriaren garraioa eta biltegiratzea errazten du, logistika sinplifikatuz. BiSKY Team-ek adierazi du eraikuntza-metodologia berri honek jaurtiketen maiztasuna handitzen lagunduko diela.
Atlasaren modulartasunak BiSKY Team-en azken helburua garatzeko material eta elementu onenak hautatzea ahalbidetzen du: Cosmox suziria, lurrazaletik 100 kilometrora dagoen Karman lerrora iristea helburu duena. Horrek espaziora iritsi izana suposatuko luke.
Sei suziri eta motor bat bost urtean
2017-2018 ikasturtean Bilboko Ingeniaritza Eskolan sortu zenetik, BiSKY Team taldeak sei suziri jaurti eta bere suziri motorra garatu du. Bost urte hauetan, taldeak bilakaera nabarmena izan du, eta suziri erabat autonomoa eraikitzeko behar diren teknologiak garatzeko helburura hurbiltzen ari da gero eta gehiago.
Gaur egun, 50 ikaslek osatzen dute taldea, ikastetxean ikasteko hainbat diziplinatatik etorriak, eta sei azpitaldetan banatzen da, bakoitza lan-arlo espezifikoetan espezializatua: propultsioa, aerodinamika, egitura, abionika, kontrola eta simulazioa, eta negozioak eta kudeaketa. BiSKY Teamek European Rocketry Challenge (EuRoC) txapelketan lehiatzeko asmoa du, urrian Portugalen ospatuko den unibertsitateko koheteria-lehiaketan.
Iruzkin 1
Hezkuntza zientifiko-teknologikoko euskal jardunbide onenak - etorkizuna.eus
5 ekaina, 2024[…] “BiSKY Team”, UPV/EHU […]
Iruzkinak itxiak daude...