Auzo Eszena, Gasteizko tokiko talentua sustatzen duen kultur programa, hiriko gizarte etxeetako eszenatokietara bueltatuko da ikuskizun ziklo berri batekin. Urriaren 22tik abenduaren 17ra bitartean, asteburuetan, 19:00etan, publiko guztientzako entretenimendu-eskaintza zabala aurkeztuko da, komediatik hasi eta musikaraino.
Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak bultzatutako kultur programa honen helburua da arte eszenikoetako profesionalak ez diren talde eta artistei plataforma bat eskaintzea, beren lana publikoarekin partekatu dezaten. 2023. urtearen azken hiru hilabeteetarako programatutako ikuskizunak honako hauek dira:
- Urriak 22: Hirukide Teatrok ‘La madre que nos parió’ komedia aurkeztuko du.
- Urriak 29: Las Milyunak ‘Viaje a naufragio’ kontzertu poetikoa eskainiko du Aldaben.
- Azaroak 5: Auskalhop Taldeak ‘La maleta mágica’ izeneko obra aurkezteko du Aranan.
- Azaroak 18: Teatracho-ren ‘Pacto’ lana izango da ikusgai.
- Azaroak 19: No me claves tus puñales-ek umorezko ‘Lentejas en su tinta’ lana aurkeztuko du Ariznabarran.
- Azaroak 26: Tadir-ek ‘Tuco con mangas’ bakarrizketa lotsagabeak taularatuko ditu Arriagan.
- Abenduak 17: Gurualia Taldeak aurtengo programazioa itxiko Salburuan euskarazko ‘Olentzero, salda bero!’ lanarekin.
Ikuskizun ziklo berri honekin Auzo Eszenak guztira 16 lana bildu dituen 2023ko programazioa amaitutzat joko da. Programazioaren lehen etapan, otsaila eta maiatza bitartean, 1.283 ikusle izan ziren. Auzo Eszenaren programazioa Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak 2022ko urrian egindako deialditik sortu zen. Deialdi horren bidez, hiriko antzerki-taldeek edo artista ez-profesionalek 2023an beren piezak jendaurrean aurkezteko aukera izan zuten.
Ikuskizunak ikusi ahal izateko sarrerak erosi behar dira. Sarrerak salgai jarri ziren urriaren 11an eta Gasteizko gizarte etxe eta kirol-instalazio guztietan erosi ahal izango dira, frontoietan izan ezik eta online, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagora arte. Sarreren prezioak 3 eta 5 euro bitartekoak izango dira.