Irakurketa denbora: Minutu 1
BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiaren VIII. edizioa ekainaren 13an eta 14an izango da Bilbao Arenan eta antolatzaileek bertan izango diren zenbait talderen izenak aurreratu dituzte. Konfirmatuta dauden artisten artean Alan Parsons Live Project, The Runaways taldeko Lita Ford, Samantha Fish eta Sex Museum dira esanguratsuenak.
Izen handiko musikariak
Rock progresiboaren izen nagusietako bat den Alan Parsons da konfirmatu den lehen kartelburua. Grammy bat irabazi eta 13 izendapen baino gehiago lortu dituen artista jaialdira itzuliko da, 2022rako aurreikusita zuen emanaldia osasun arrazoiengatik bertan behera utzi ondoren. Bakarkako ibilbideaz gain, musikaria ezaguna da hainbat talde mitikorekin lan egin duelako, hala nola The Beatles, Pink Floyd eta The Hollies.
Rock Guitar-eko lehen dama ezizenarekin ezaguna den Lida Ford-ek osatuko du kartela. The Runaways taldeko kide ohiak Grammy sarietarako bi izendapen ditu “rock musikako emakumezko kantari onenaren” kategorian.
Kartelean izango den beste izen handi bat Samantha Fish da. Hau ere Grammy sarietarako izendatua izan da bere “Death Wish Blues” lanagatik eta Slash eta Rolling Stones bezalako musikari handiekin partekatu du eszenatokia.
Azkenik, Sex Museum talde madrildarrak bere ibilbidearen 40. urteurrena ospatuko du bere abesti klasikoenak eta azkeneko diskakoak aurkeztuz.
Dekker Events-ek antolatu eta BBK Fundazioaren eta Bilboko Udalaren babesa duen jaialdirako bonuak jada salgai dira eta urtarrilaren 31ra arte, 95 euroko prezio berezian eskuratu ahal izango dira. 14 urtetik beherako nerabeek doan sartu ahal izango dira.







