
Irakurketa denbora: Minutu 1
Gipuzkoako 1.000 biztanletik beherako hamar udalerrik parte hartuko dute GFAko Kultura eta Gazteria Departamentuaren ‘Gure Plaza Txo!’ proiektuan. Proiektu honen xedea da udalerri horietako adingabeei aisialdiko eta entretenimenduko aukera ematea. Une honetan bederatzi dira proiektuan parte-hartzen ari diren udalerriak (Aizarnazabal, Albiztur, Alkiza, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartza) eta hamargarrena zehazteke dago.
Proiektu honen bidez Aldundiak eta udalek nerabeen parte-hartze aktiboa, berdintasuna, euskararen erabilera, bizikidetza eta tokiko konpromisoa sustatzeko erantzun integrala eman nahi dute. Ildo berean, landa eremuen eta hiri eremuen arteko desoreka murriztu nahi da herri txikien biziraupena bultzatzeko.
Etorkizunera begira
Hemendik aurrera, programa gazte gehiago erakartzera eta zerbitzu pertsonalizatuagoa eskaintzera bideratuko da, prestakuntza jarduerak integratuz eta tokiko aldaketa prozesuetan parte-hartze aktiboa sustatuz.
Gainera, orain arte funtzionamenduan izan diren lantaldeen jarraipena bermatu nahi da. Lantalde horiek bi gizarte hezitzailek osatzen dute eta ezinbestekotzat jotzen dira ekimenaren arrakastarako.
Kultura eta Gazteria diputatu Goizane Álvarezek adierazi duenez, “Kultura eta Gazteria Departamentuaren helburua da landa eremuko gazteen garapen integralari laguntzea eta haien inguruan aisialdi hezitzailea izateko eskubidea bermatzea, beste herri batzuetara joan beharrik izan gabe prestakuntza eta jolas jarduerez gozatzeko. Herri txikietako gazteak beren herrietan gelditzea eta komunitateko kide izatearen sentimendu sendoa sustatzea nahi dugu”. Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendari Isaac Palenciak azaldu duenez, pasa den urtearen bigarren seihilekoan 90 saio egin ziren, aurreko urtean baino 15 saio gehiago. Saio horietan, batez beste, 19 gaztek parte hartu zuten.