Seme-alabarik ez duten 30 urtetik beherako Euskadiko gazteen % 67,6k noizbait guraso izan nahiko luke (asko edo nahiko). Gainerako % 32,4 gutxi edo batere nahi ez dutela edo horri buruzko ideiarik ez dutela diotenen artean banatzen dira. Datu horiek Gazteriaren Euskal Behatokiak pasa den urteko udazkenean 15-29 urteko 6.000 gazte baino gehiagoren artean egin zuen online inkestatik ateratako emaitzak dira.
Aurreko urteetan jasotako datuekin alderatuta, 2015. urtez geroztik guraso izan nahiko luketen gazteen kopuruak arinki behera egin duela ikus daiteke.
Guraso izan nahiko luketen horien artean, berriz, ez da alde handirik ematen sexu eta adin-tarte ezberdinen artean. Hori bai, guraso izatea asko nahi duten horien artean emakumeen kopurua (% 40,3) gizonena baino (% 30,5) nabarmen handiagoa da.
Guraso izateko grina handiena azaltzen duen taldea 20-29 urte bitarteko emakumeena da. Azpimarratzekoa da ama izateko nahia oso handia duten 15-19 urte bitarteko emakumeen kopurua edozein adin tarteko mutilena baino altuagoa dela.
Guraso izateko adinik onena berandutu egiten da gazteak heldu ahala. 15-19 adin tarteko gazteentzat guraso izateko adin aproposa 29,4 urte litzake; 20-24 bitartekoentzat 30,1 urte eta, 25-19 urte bitartekoentzat, berriz, 31,6.
EAEren kasuan, adin ideal hori lehen seme-alaba izateko bataz besteko benetako adina baino zertxobait txikiagoa da; izan ere, EINen arabera, Euskadiko emakumeek, batez beste, 31,9 urterekin izaten dute beren lehen seme-alaba, hots, ustezko batez besteko adin egokia baino ia bi urte beranduago.
Iruzkin 1
BAKARDADE IKUSGAITZA ZAHARTZAROAN • ZUZEU
14 ekaina, 2021[…] Gaur egun bakardadean bizi direnen emakume kopurua ez da ezer urte batzuetan egongo denarekin alderatuta. Inoiz baino ume gutxiago ditugu. Umerik ez duen emakume kopurua inoiz baino handiago da historian: %30. […]