Bilboko Udalak, hiriko 17 euskaltegiekin lankidetzan, “Euskara nonahi” izenenko kanpaina jarri du abian, 2024-2025 ikasturtean euskara irakasteko zentroetako matrikulazioa sustatzeko.
Ekimen hau markesinetan, Bilbobuseko autobusetan, sare sozialetan eta tokiko komunikabideetan ikus daiteke, baita Barrutietako Udal Zentroetan, kiroldegietan eta ikastetxeetan ere. Bilbotarrak euskararen ezagutza ikastera, ikasten jarraitzera edo hobetzera animatu nahi ditu ekimenak.
Kanpainak ordutegien, mailen eta zentroen eskaintza zabala azpimarratzen du, baita Bilboko Udalak euskara ikasteko urtero eskaintzen dituen dirulaguntzak ere. Aurten, Udalak berrikuntza garrantzitsu bat sartu du, dirulaguntzak herritar guztiei zabaldu baitizkie, 700.000 euroko poltsarekin. Orain arte, laguntza horiek kolektibo espezifikoei zuzenduta zeuden, hala nola gurasoei, aisialdiko edo kiroleko monitoreei eta errenta mugatuak zituzten familia-unitateetako kideei.
2024tik aurrera, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten Bilbon erroldatutako pertsona guztiek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Horretarako baldintza hauek bete behar izango dira: ikastaroaren azpimaila bat gainditzea, gutxienez % 60ko asistentzia izatea eta erakunde publikoekin zorrik ez izatea.
Bilbon diren euskaltegien sareak, ohiko ikastaro eta klaseez gain, barnetegiak eta kolektibo eta enpresentzako ikastaro bereziak eskaintzen ditu.