
Irakurketa denbora: Minutu 1
2016. urteko otsailean martxan jarri zirenetik, ANEZKA programaren barruan biltzen diren enplegu- eta ekintzailetza-anezkek Bizkaiko 701 pertsonen laneratzea lortu dute. DEMA–Foru Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak garatzen duen ekimenak, guztira, 1.129 langaberi lagundu die 66 lantalderen bitartez.
Programan parte hartzen ari ziren azken hiru taldeek hil honen hasieran amaitu dute beren jarduera. Talde horietan 61 pertsona aritu dira, 40 emakume eta 21 gizon. Horietatik guztietatik, 31 parte-hartzailek lortu dute dagoeneko lanpostu bat, eta baliteke kopuru hori datozen hilabeteetan handitzea.
Enplegu-anezkak
Anezka bakoitza 20 pertsonako taldeetan egituratzen da, lau hilabetez prestakuntza praktikoa eta laguntza pertsonalizatua jasotzeko. Programa, doakoa eta borondatezkoa, aurrez aurreko eta online saioak uztartzen ditu jarraipen pertsonalizatuarekin. Parte-hartzaileek hainbat arlotan lan egiten dute, hala nola autoezagutzan, marka pertsonalean eta enplegua bilatzeko tresna digitalen erabileran.
Metodologiak adituen eskutik emandako tailer praktikoak eta tokiko enpresekin networking foroak barne hartzen ditu, eta parte-hartzaileei harreman-sare profesionalak zabaltzeko aukera ematen die. Talde tekniko espezializatu batek etengabeko laguntza eta orientazioa eskaintzen du prozesu osoan zehar.
Enplegu-anezkek % 62ko lan-txertatze tasa lortu dute urte hauetan guztietan, laneratzea lortu dutenen bi heren emakumeenak izanik.
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak sustatzen duen programa honen helburua ez da soilik gaitasun profesionalak hobetzea; horrez gain, oztopo pertsonal eta testuingurukoak gainditzeko tresnak ere eskaintzen ditu, parte-hartzaileen autonomia eta gizarteratzea sustatuz.