Denborak ere badu bere historia

Denbora izango da martxora bitartean Euskal Herriko bost hiritan izango den ‘Zinema eta Zientzia’ zikloaren gai nagusia

Irakurketa: 7 minutu

Urtarriletik martxora bitartean izango den ‘Zinema eta Zientzia’ zikloaren VIII. edizioak denboraren kontzeptua izango du ardatz. Guztira, hamabi film proiektatuko dira Euskal Herriko bost hiritan:

  • Gasteiz (Artium Museoa)
  • Donostia (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa)
  • Bilbo (UPV/EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma)
  • Iruñea (Golem Baiona zinemak)
  • Donibane Lohitzune (Le Sélect zinema)

Aurreko edizioetan bezala, emanaldietara gerturatzen diren ikus-entzuleek hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko aukera izango dute, adibidez, zulo beltzak, denboran zeharreko bidaiak, multibertsoaren teoria eta bizitza modu artifizialean sortzea bezalako gaien inguruan.



Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak antolatzen duten ziklo honen xede nagusia da kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea.

Programazioa

‘Zinema eta Zientzia’ zikloaren zortzigarren edizioa Stephen W. Hawkingen inguruko film batekin hasiko da: The Theory of Everything. James Marshek 2014. urtean zuzendutako film hau Stephen Hawking astrofisikariaren eta bere lehen emaztearen arteko harremanean oinarritzen da eta zientzialariari eragiten zion gaixotasun degeneratiboaren aurkako bien borroka azpimarratzen du bereziki. Film hau jatorrizko bertsioan eskainiko da, ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin. Filma urtarrilaren 9an proiektatuko da Gasteizko Artium Museoan eta ondoren, Donostian (urtarrilak 10) Bilbon (urtarrilak 11) eta Iruñean (urtarrilak 14) eskainiko da. Proiekzioen ostean Arantzazu Garcíak eta Pedro Miguel Etxenikek bertaratutakoen zalantzak argitzen saiatuko dira.



Zikloaren barruan eskainiko den bigarren filma George Pal-ek 1960an zuzendu zuen The time Machine izango da. Lan horrek XIX. mendearen amaieran denboran zehar bidaiatzeko aukera ematen duen makina bat asmatzen duen zientzialari baten gora beherak azaltzen ditu. Film hau Gasteizen ikusi ahal izango da urtarrilaren 16an eta, ondoren, Donostiako Tabakaleran (urtarrilak 17), Bilbon (urtarrilak 18) eta Iruñean (urtarrilak 21). María Navarro izango da ikus-entzuleekin eztabaidatuko duen zientzialaria. Proiekzioak jattorizko bertsioan izango dira, ingelesez, baina euskarazko azpitituluekin.

Ikusgai izango den hirugarren filma Marco Bellochioren Vincere lana izango da. 2009an egindako lan horretan Benito Mussoliniren gaztetako urteak errepasatzen dira. Filma italieraz eskainiko da gaztelaniazko azpitituluekin eta Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean ikusi ahal izango da urtarrilaren 23an, 24an, 25ean eta 28an, hurrenez hurren. Julián Casanova eta Antonio Rivera izango dira proiekzioen ostean ikus-entzuleen zalantzak argitzeko.

Film gehiago

Urtarrileko programazioari amaiera  eta otsailekoari hasiera emango dion lana Claire Denis-ek zuzendutako High Life izango da. 2018. urteko film horrek, espazio sakonean galduta dagoen espazio-ontzi batean kokatzen du ikuslea. Bertan, bizirik eusten diote gizon batek eta haren alabak. Zulo beltz bat helburu duen misio batean hiltzera kondenatutako talde batetik bizirik atera diren bakarrak dira biak. Film hau jatorrizko bertsioan eskainiko da, ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin. Filma Gasteizen (urtarrilak 30), Donostian (urtarrilak 31), Bilbon (otsailak 1) eta Iruñean (otsailak 2) eskainiko da. Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko saioen amaieran Antonio Casado de Rochak hitz egingo du bertaratutakoekin. Bilboko saioan, berriz, Iraia Muñoa izango da.



Eskainiko den hurrengo filma The Deep izango da. Baltasar Kormákur-ek 2012an zuzendutako film honek 1984an Islandiako Ipar itsasoko uretan hondoratu zen arrantzale-ontzi baten istorioa azaltzen du. Gezurra badirudi ere, itsasoaren tenperatura baxuak gaindituz, arrantzale batek bizirik ateratzea lortu zuen. Film hau Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean ikusi ahal izango da otsailaren 6an, 7an, 8an eta 11n, hurrenez hurren. Lehenengo hiru saioetan Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez izango da eta Iruñean, berriz, Anna Rubio.

Zikloaren seigarren filma Le Théorème de Marguerite izango da. Anna Novion-en lan horrek Lyongo Goi Eskolan matematika ikasten ari den Margueriten istorioa azaltzen du. Dena ezin hobeto doala dirudi bere tesiaren aurkezpena prestatzen ari den bitartean, baina egun garrantzitsuenean egindako akats txiki batek amildegiaren ertzera eramango du. Film hau frantsesez eskainiko da gaztelaniazko azpitituluekin. Emakumeak Zientzian ekimenarekin elkarlanean antolatutako saio hau Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean ikusi ahal izango da otsailaren 13an, 14an, 16an eta 18n, hurrenez hurren. Lehenengo bi saioen amaieran Ainhize Barrainkua arituko da eta beste bietan Daniela Moreno.

Frankenstein

Zikloaren hurrengo filmak aski ezagunak diren bi lan izango dira: Frankenstein (1931) eta The bride of Frankenstein (1935). Klasiko hauek Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean ikusi ahal izango dira otsailaren 20an, 21ean, 22an eta 25ean, hurrenez hurren. Lehengo bi saioetan parte hartuko duen zientzialaria Fernando Cossío izango da eta beste bietan, berriz, Ana Galarraga.

Zortzigarren filmaren emanaldiak BioGipuzkoarekin elkarlanean antolatu dira: La maladie de Sachs. 1999ko film honetan Michel Devillek herri txikiko medikua den Bruno Sachsen istorioa kontatzen du. Lan hau Gasteizen (otsailak 27), Donostian (otsailak 28), Bilbon (martxoak 1) eta Iruñean (martxoak 4) ikusi ahal izango da. Saio horien guztien amaieran Rafael Rotaechek hitz egingo du bertaratutakoekin. Filma frantsesez proiektatuko da gaztelaniazko azpitituluekin.

Bederatzigarren filma oso film ezaguna da: Erin Brockovich. Steven Soderbergh-ek 2000. urtean zuzendu zuen film horretan Julia Roberts aktoreak antzezten duen Erin Brockovich ama ezkongabeak enplegu bat lortzen du abokatu-bulego txiki batean. Lanpostu umila dirudien arren, enpresa handi baten aurkako demanda bat egitea lortu zuen. Film hau Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean ikusi ahal izango dira martxoaren 6an, 7an, 8an eta 11n, hurrenez hurren. Saioen amaieran aritu den zientzialaria Miren Cajaraville izango da. Filma ingelesez eskainiko da euskarazko azpitituluekin.



Hamargarren filma John Carperter-en The Thing da. 1982ko film honek Antartikako ikertzaile estatubatuarren talde baten istorioa kontatzen du. Talde horrek beste organismo batzuk imitatzeko gaitasuna duen ‘Gauza’ ezizeneko parasito-bizimodu estralurtar batekin topo egingo du. Film hau Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean ikusi ahal izango dira martxoaren 13an, 14an, 15ean eta 18an, hurrenez hurren. Saioen amaieran aritu diren zientzialariak Xabier López (Gasteizen eta Iruñean)eta Mikel Pagadi (Donostian eta Bilbon) izango dira. Filma ingelesez eskainiko da euskarazko azpitituluekin.

Azken bi filmak

Azken-aurreko filma ekoizpen franko-norvegiarra da: Kampen Om Tungtvannet (ur astunaren gudua). 1948. urteko lan horretan Norvegiako erdialdean den Rjukaneko ur astunaren ekoizpen-instalazioa saboteatu behar duen komando baten istorioa azaltzen du. Ur astuna bonba atomikoak ekoizteko ezinbesteko elementua da. Lan hau Gasteizen (martxoak 20), Donostian (martxoak 21), Bilbon (martxoak 22) eta Iruñean (martxoak 25) ikusi ahal izango da. Saioen amaieran aritu diren zientzialariak Daniel Sánchez Portal (Gasteizen eta Donostian)eta Silvina Cerveny (Bilbon eta Iruñean) izango dira. Filma frantsesez eta norvegieraz proiektatuko da gaztelaniazko azpitituluekin.

Eta aurtengo zikloari amaiera emango dion filma Everything everywhere izango da. 2022ko lan honek Estatu Batuetan bizi den txinatar jatorriko Evelynen istorioa azaltzen du. Dimentsio arteko haustura baten ondorioz hainbat abenturatan murgilduko da Evelyn eta bera izango da mundua salbatu ahal izango duen pertsona bakarra. Film hau Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean ikusi ahal izango dira martxoaren 27an, 28an, 29an eta apirilaren 1ean, hurrenez hurren. Saioen amaieran aritu diren zientzialariak Idoia García de Gurtubay (Gasteizen eta Bilbon)eta Javier Aizpurua (Donostian eta Iruñean) izango dira. Filma ingelesez eskainiko da euskarazko azpitituluekin.

Film gehiago Donibane Lohitzunen

Aipatu saio horiez guztiez gain, Donibane Lohizuneko Le Select zinema-aretoak ere hainbat emanaldi hartuko ditu. Kasu horretan eskainiko den lehen filma, urtarrilaren 27an, Vincere izango da. Filmaren aurkezpena Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernándezek egingo du.

Otsailaren 17an Le Théorème de Marguerite filmaren txanda izango da. Kasu horretan, aurkezpena Amaia Arregik egingo du. Martxoaren 17an Alfonso Cuarón-ek zuzendutako Gravity film ezagunaren txanda izango da. Film hori DIPC-eko Ricardo Díezek aurkeztu du. Eta azken emanaldia martxoaren 28an izango da Kampen Om Tungtvannet filmaren proiekzioarekin.

Jarduera osagarriak

Aipatu saio horiez gain, Donostian (Tabakalera), Bilbon (Bizkaia Aretoa) eta Gasteizen (Artium) ikastetxeei zuzendutako goizeko emanaldiak antolatu dira. Horietan Gravity filma proiektatuko da, euskaraz edo gaztelaniaz azpidatzia.

Gainera, urtarrilaren 24an Julián Casanova historialariak ‘Faxismoaren hazia’ izenburuko hitzaldia eskainiko du Tabakalerako Z Aretoan.

Advertisements