Durangaldeko Ikerlari Gazteen IV. Lehiaketaren deialdia zabalik

Gerediaga Elkarteak antolatzen duen lehiaketa honen xedea Durangaldeari buruzko ikerketa eta dibulgazioa sustatzea da

Gerediaga Elkarteak Durangaldeko Ikerlari Gazteen IV. lehiaketarako deialdia argitaratu berri du. Aipatu lehiaketaren xedea da eskualdeko ondarea, historia eta kultura ikertu, babestu eta zabaltzeko interesa sustatzea gazteen artean. Lanak 2025eko ekainaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira, euskaraz idatzita, eta Durangaldeari edo bertako udalerriei buruz jardun beharko dute.

Diziplina ezberdinetako lanak onartuko dira: historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa edo musika, besteak beste. Lanaren aurkezpenerako honako formatu hauek onartuko dira: 2.000-4.000 hitz arteko artikuluak, 52 x 86 zentimetroko poster akademikoak, 4-8 minutu arteko ikus-entzunezkoak edo 10-20 minutu arteko podcastak. Ez dira onartuko giza eskubideak urratzen dituzten proposamenak.

Lehiaketan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da Durangaldean jaioa izatea edo bertan bizi edo ikasketak burutzen izatea. Taldeka egiten diren lanen kasuan taldeko kide batek, gutxienez, bete beharko du baldintza hori. Lehiaketa 35 urtetik beherako gazteei zuzentzen zaie, banaka zein taldeka. Talde-lanetan, gehiengoak aipatu adin-muga bete beharko du.

Lehiaketan kategoria bakarra izango da eta irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.

Interesdunek gerediaga@gerediaga.eus helbidera bidali beharko dituzte euren lanak.

Ekimen honen bidez, Gerediaga Elkarteak Durangaldeari buruzko ikerketa eta dibulgazioa sustatu nahi ditu.

Advertisements