Emakumeak eta euskara nagusi aurtengo Musika Bulegoa sarietan

Kepa Junkerak eraman du EHMBEk ematen duen ohorezko Saria eta OrekaTX taldeak, berriz, Etxepare Euskal Institutuak ematen duen saria

Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musikaren panoramako urteko proiektu esanguratsuenei sariak eman dizkie. Guztira, hamar izan dira banatu diren sariak. Horietako zortzi epaimahai batek erabaki ditu, beste bat Etxepare Euskal Institutuak eta, azkena, EHMBEko zuzendaritza-batzordeak. Sariak Errenteriako Lekuona Fabrikan banatu dira eta irabazleak honako talde eta bakarlariak izan dira: Oreka TX, Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, MICE, Inés Osinaga, Teresa Catalán, Enrike Solinís, Elena Setién eta Kepa Junkera. Sarituek 2.000 euroko saria eta Fernando Mikelarenaren eskultura bat jaso dute.

Ohorezko Saria

Aurtengo ohorezko saria Kepa Junkerarentzat izan da, euskal kultura eta euskara nazioarteko agertokira eramateagatik modu berritzaile batean, trikitixa erritmo eta estilo berrietara egokituz. Sari horrekin EHMBEk trikitilari bilbotarraren ibilbidea nabarmendu nahi izan du. Izan ere, hiru hamarkadako ibilbide luzean Junkerak 30 disko baino gehiago argitaratu ditu.

Etxepare Euskal Institutuak ematen duen saria, berriz, Oreka TX taldearentzat izan da. Etxeparek ematen duen sariak urtero aitortzen du nazioarte mailan euskal musika zabaltzeko egindako lana.

Aurtengoa Musika Bulegoa Sarien VII. edizioa izan da eta emandako hamar sarietatik bost emakumeentzat izan dira. Pasa den urtean jada emakumeek egindako proposamenen kopurua bikoiztu zen eta aurten ere genero-arrakala murrizteko joera sendotu da.

Musika-estiloari dagokionez, saritutako 10 proposamenetatik 3 pop-rock estilokoak izan dira. Euskaraz egindako lanak ere nagusi izan dira (% 70).