Erdi Aroko euskal emakumeek janzten zituzten burukoen historia azaltzeko egitasmoa

1522an, Juan Sebastian Elkanok hiru urte lehenago hasitako bidaiari amaiera eman zion eta, modu horretan, munduari bira ematen zion lehen pertsona izatea lortu zuen. Balentria horren 500. urteurrena betetzear dela eta, duela zenbait hilabete Amarenak moda enpresako kideak XVI. mendeko euskal janzkera aztertzen hasi ziren eta garai hartan emakumeek janzten zituzten burukoek interes berezia sortu zieten.

Izan ere, Asturiasetik Lapurdira eta Hondarribitik Garesera, XIV. mendetik aurrera, emakume ezkonduek buruko konplexu eta izugarriak janzten zituzten. Ezagunenak kono-formakoak dira, muturra zertxobait kurbatuta dutenak, adibidez, estreinatu berri den Pablo Agüeroren ‘Akelarre’ filmean ikus daitezkeenak. Baina, burukoak askotarikoak ziren, batzuk eguneroko erabileran inspiratuak, beste batzuk forma iradokitzaileak zituztenak… Elizak azken horiek debekatu zituen XVII. mendean. Emakume gazte eta ezkongabeek ere, ezohiko itxura zuten, burua agerian zeukatelako eta guztiek ilea motz-motz zeramatelako, antza, higiene kontuengatik. Jantzi horren atzean historia interesgarria dagoela ikusita, eta moda eta diseinuaren bidez euskal kultura eta ondarea berreskuratzeko helburuarekin, Amarenak-ek crowdfunding kanpaina bat abiarazi du. Kanpainak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du eta kanpainaren bidez jasotako euro bakoitzeko, Aldundiak beste euro bat jarriko du. Gainera, donazioa egiten duten lehenengo lagunek sari bereziak jasotzeko aukera izango dute.

Ekarpenak egiteko: http://goteo.cc/burukoak 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.