Nafarroako gobernuak, Euskarabidearen bidez, abian jarri du “Sarean euskaraz” egitasmoaren laugarren edizioa. Aipatu programaren helburua da Informazio eta Komunikazio Teknologien esparruan euskararen erabilera eta euskarazko kultura digitala sustatzea.
Covid19-k eragin duen osasun-egoera dela eta, aurtengo edizioaren formatua aldatu behar izan da. Horrela, programaren egitaraua, doako ikastaroak barne, 23 udalerritan eta 10 ikastetxetan garatuko da. DBHko 4.mailako eta Batxilergoko lehen mailako 925 ikaslek antolatu diren doako zortzi tailer praktikoetan parte hartzeko aukera izango dute. Ikastaroak honako hauek izango dira:
- Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
- bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)
- App Inventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
- Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers)
- Wikipedia: entziklopedia auzolanean eta euskaraz nola elikatu (Euskal Wikilarien Elkartea)
- Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
- 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
- Raspberry Pi: plaka ordenagailu txiki eta merkeak (Protomakers)
Era berean, bi saio eskainiko dira Moodle online ikaskuntza libreko plataformaren bitartez. Helburua da IKTak modu egokian erabiltzen irakastea; horretarako, zenbait jarraibide emango dira. Prestakuntza osatzeko, 4-5 minutuko hainbat bideo-pilula eta horiekin loturiko ariketak eskainiko dira. Saio batean, Maide Likonak (Gipuzkoako software librea) “Pribatutasuna sarean” gaia jorratuko du, eta beste saio batean, Ane Ortizek (Emaize Sexologia Zentroa) “3.0 harremanak: emadazu like bat” gaia.
Iazko bideari jarraipena emanez eta ikastetxeetako jardunaldien osagarri moduan, Nafarroako Gobernuak euskarazko doako ikastaroen zikloa ere antolatu du IKTen inguruan, eta hori urriaren 13tik azaroaren 15era bitarte garatuko da. Zikloa Nafarroako 23 herritara iritsiko da, eta zazpi tailer-mota eskainiko dira. Guztira 25 ikastaro egongo dira, 3 Iruñean eta 22 beste udalerrietan.
IKTen erabiltzaile aktiboenak izanik, programa bereziki 12 urtetik gorako gazteentzat pentsatu da, baina gai horretan interesa duen edonork parte har dezake. Interesatuek web orrialde honetan eman dezakete izena: www.sareaneuskaraz.eus. COVID-19ak eragindako larrialdiko osasun-egoera dela-eta, aretoen %50a erabili ahal izango da; ondorioz, herri bakoitzean parte har dezaketen ikasleen kopurua ezberdina izango da, baina gehienez ere 20 lagunekoa.