Etorri euskarara!: Gurasoen euskalduntzerako ikastaroak eskolan bertan

UEMAk, AEK-k eta udalek elkarlanean abiatuko dute ekimena, euskaraz ez dakiten familiei zuzendutako metodologia berezi batekin

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

UEMAk, AEK-k eta Aizarnazabalgo Udalak euskaraz ez dakiten gurasoek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikastea helburu duen Etorri euskarara! egitasmoa aurkeztu dute. AEK-k gurasoen beharretara egokitutako metodologia berezia prestatu du egitasmo honetarako. Gainera, gurasoek seme-alaben ikastetxean bertan eta eskola-orduetan ikasi ahal izango dute euskara.

Aurkeztu berri duten egitasmoak hiru helburu nagusi ditu. Lehenik eta behin, seme-alaben ikasketa-prozesuan bidelagun izateko baliabideak eskaini nahi dizkie gurasoei. Horrez gain, gurasoen arteko oinarrizko harremanak garatzen ere lagundu nahi du. Azkenik, eguneroko komunikazio-egoeretan, euskara lehenesteko estrategiak garatzea sustatu nahi da.



UEMAko lehendakari Martin Aramendik nabarmendu duenez, egitasmoa “estrategikoa” da, gurasoei euskarara hurbiltzeko aukera ematen dielako esparru akademikoa alde batera utzita. “Gurasoak euskarara hurbiltzea ezinbestekoa da haien seme-alabek etxean euskararen aldeko diskurtsoa jaso dezaten”, azaldu du Aramendik. Bere ustez, egitasmoak euskararen “ikuspegi berri bat” eskaintzen die familiei: “praktikoa, arina eta lagunartekoa”.

AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otañok, berriz, gogoratu du erakundearen erronketako bat dela “Euskal Herrira etorri diren gurasoak euskalduntzea eta haiekiko zubiak eraikitzea”. Otañoren hitzetan, garrantzitsua da “haien kultura errespetatzea eta zubiak bi noranzkoetan eraikitzea, herriaren eta herritarren identitateak trinkotzeko”.

Metodologia bikoitza: eskolaldiak eta gizarte-jarduera

AEK-ren Irakaskuntza-arduradun Maialen Otegik azaldu duenez, bi esparru jorratuko dituzte: batetik, eskoletan hizkuntza barneratzeko eduki eta estrategiak eskainiko dituzte; bestetik, eskolaz kanpoko lanari garrantzia emango zaio, saio irekiak eta kultura-agendan parte hartzera bultzatzeko ekintzak planteatuta.



“Dei egiten diegu Etorri euskarara! ikastaroak martxan jarriko diren herrietako guraso euskaldunei bidelagun izan daitezen”, adierazi du Otegik. Bere ustez, “bi komunitateen arteko zubiak eraikitzea ezinbestekoa da euskara hizkuntza soziala izan dadin: etxekoa, kalekoa eta ikastetxekoa”.

Finantzaketa publikoa eta hedapena

Ikastaroak doan izango dira, eta UEMAko udalek finantzatuko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan berriz, UEMAko udalek, eskualdeetako mankomunitateek eta UEMAk berak hartuko dute kostua beren gain.

Egitasmo hau Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan proiektuaren harira sortu da. Lau urte daramatzate UEMAk eta HUHEZIk Zaldibian proiektu hori garatzen, eta dagoeneko 40 udalerritan dago abian.

Aizarnazabalgo esperientzia

Aizarnazabalen hiru ikasturte daramatzate egitasmoa lantzen. Mari Karmen Arregi alkateak balorazio ona egin du: “Euskara eta kulturartekotasuna egitasmoak aldaketak ekarri ditu gure herrian. Hizkuntza eta kultur aniztasuna oinarri dituen begirada eskaini digu”.

Basakaitz herri eskolako Arrate Makazaga zuzendariak ere aparteko lana dela nabarmendu du, baina “emaitzak merezi du”. Makazagaren ustez, “kanpotik etortzen diren familiei euskara ikasteko eta euskarara hurbiltzeko erraztasunak eta baliabideak ematea ezinbestekoa da”.



Mexikon sustraiak dituen eta Aizarnazabalen bizi den Roberto Reyesek hunkituta hitz egin du kulturen arteko zubiak eraikitzeko ahaleginaz. “Egitasmo honek aukera asko zabaltzen ditu, ez lanean bakarrik, etxean ere, eskolaren bidez euskalduntzen ari diren haurrekin hobeto komunikatzeko”.

Matrikula eta denbora-taula

Ikastaroak urrian jarriko dira martxan eta 150 orduko iraupena izango dute. Astean bi saio eskainiko dira, bina ordukoak, ikastetxean bertan eta eskola-orduetan. Aurrematrikula ekainaren 30ra arte egongo da zabalik, ikastetxeetan zein online izena emateko aukerarekin.

Advertisements