Basque Country Estrategiaren barruan Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Gaztemundu programak Argentina, Uruguai eta Estatu Batuetako euskal etxeetako 20 eta 35 urte bitarteko hamabost gazte hartu ditu abenduko lehen bi aste hauetan. Gaztemunduren aurtengo edizioak 70.000 euroko aurrekontua izan du.
Lehenengo astean, parte-hartzaileek goizean jasotako dantza-eskolak eta arratsaldeko kultura-bisitak uztartu dituzte euskal hiriburuetan zehar. Programa Gasteizen hasi zen, fandango eta arin-arina ikasten. Ondoren, Errenterian izan dira, non agurra eta zortzikoak praktikatu dituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko Dantza Gunean. Bilbon dantzari dantza eta Markina-Xemeingo ezpata dantzan zentratu ziren. Gasteizera bueltan, Arabako makil dantzak eta zinta dantza ikasteko aukera izan dute.
Dantzaz gain, parte-hartzaileek gure lurraldeko hainbat leku esanguratsu bisitatzeko aukera ere izan dute, hala nola, Armentiako basilika erromanikoa, Errenteriako Jantziaren Zentroa, Gernika, Durangoko Azoka, Arabako Errioxa eta Bilboko Euskal Diasporaren Artxiboa.
Programaren bigarren astea, abenduaren 14an amaituko dena, Nafarroako eta Iparraldeko dantza tradizionalei eskainiko zaie.
Gaztemundu munduko euskal etxeetako gazteentzako programa bat da, 1996an abian jarri zena. Horren bitartez, gazte talde bat urtero etortzen da Euskal Herrira hamabost eguneko egonaldi batera. Programak helburu bikoitza du: batetik, euskal etxeetako gazteei euren arbasoen herria erakustea eta, bestetik, euskal etxeetan lanean jarraitzeko beharrezko trebakuntza eskaintzea, beti ere erakunde horietan belaunaldi berriei tokia eginez.