Gasteizko Udaleko Enplegu Zerbitzuak 2025eko prestakuntza programarako izen-emate epea zabaldu dela iragarri du. Programak 600.000 euro baino gehiagoko inbertsioa izango du, hots, 2024koarekin alderatuta 100.000 euro gehiago.
Programak 1.000 plaza baino gehiago eskainiko ditu 270 ikastarotan banatuta. Horietatik 200 online izango dira eta beste 70ak aurrez aurrekoak. Pasa den urtean, 800 erabiltzailek 1.100 online ikastaro osatu zituzten. Modalitate horrek arrakasta handia du, parte-hartzaileei beraien ordutegi pertsonal eta laboraletara egokitzeko aukera ematen dielako. Gainera, zalantzak argitzeko eta ariketak zuzentzeko tutoretzak ere barne hartzen ditu.
Hiru zentrotan
Aurrez aurreko ikastaroak hiru udal zentro espezializatutan emango dira. Ignacio Ellacuria Zentroan logistika, eraikuntza, eraikuntza jasangarria eta industria tradizionaleko ikastaroak emango dira, lanbide gaitasun ziurtagiriak eskainiz. CETIC-Informazio eta Komunikazio Teknologien Ikastegiak informazio teknologiak, 4.0 industria eta informatikako ikastaroak hartuko ditu, zibersegurtasun eta adimen artifizialeko prestakuntza barne. Basaldea Hazitegiak, berriz, gizarte ekonomia eta laborantza jasangarrietako ekintzailetza programak garatuko ditu.
Gaiak enpresa administrazio eta kudeaketatik merkataritza, ostalaritza, logistika, diseinu, komunikazio, enplegu berde eta berrikuntzara arte hedatzen dira. CETICek, gainera, “Astearte Teknologikoak” antolatuko ditu, enpresek eskatzen dituzten profil profesional berrietan espezializatutako jardunaldiak, adimen artifizialaren aplikazioetan arreta berezia jarriz.