
Irakurketa denbora: Minutu 1
Bilboko Zinemaldi Fantastikoak (FANT) bere 31. edizioko irudi ofiziala aurkeztu du. Maiatzaren 2tik 10era ospatuko den jaialdiaren kartelaren protagonista Leatherface izango da, ‘The Texas Chainsaw Massacre’ film ezaguneko pertsonaia enblematikoa.
Bilboko Udalak antolatutako jaialdiak kartelaren bi bertsio aurkeztuko ditu. Lehenengoa, publiko orokorrari zuzendua, efektu berezietan eta zinemako atrezzoan espezializatutako Trick or Treat Studios enpresak sortutako maskara ikaragarriaren erreplika bat erakutsiko du. Bigarren bertsioan, zinemaren munduko adituentzat pentsatua, pertsonaia osoa agertuko da, bere motozerra ezagunarekin.
The Texas Chainsaw Massacre
Leatherface pertsonaiaren aukeraketa ez da kasualitatea, izan ere, Tobe Hooperrek 1974an zuzendutako filmaren 50. urteurrena ospatzen da aurten. Gunnar Hansen aktoreak antzeztutako jatorrizko filmak beldurrezko zinemaren historian aztarna sakona utzi zuen, slasher subgeneroaren oinarriak ezarriz. Azken bost hamarkadetan, filmak hainbat jarraipen, aurreko atal eta bertsio berriak izan ditu.
Jaialdiaren aurretik, PreFANT zikloa otsailaren 12an hasiko da, Nacho Vigalondoren “Daniela Forever” filmaren aurrestreinaldiarekin. Zuzendaria emanldian bertan izango da eta ikusleekin solas egiteko aukera izango du. Filmak Torontoko Zinemaldian izan zuen mundu mailako estreinaldia eta Sitgesen Europako estreinaldia. Istorioak Nicolas izeneko gizon bat du ardatz, neska-lagun Daniela galdu ostean, bere ametsetan kontrola izateko saiakuntza kliniko batean parte hartzen duena.
Horrez gain, PreFANT zikloak “The Texas Chainsaw Massacre” filmaren proiekzio berezia eskainiko du apirilaren 10ean. Bi emanaldiak Golem-Alhóndiga zinema-aretoetan izango dira, 19:30ean, eta sarrera doakoa izango da. Gonbidapenak egun berean jaso ahal izango dira, 16:30etik aurrera, leihatiletan.
Vigalondok ibilbide sendoa egin du zinemagintzan. 2005ean Oscar sarietarako izendapena lortu zuen ‘7:35 de la mañana’ film laburrarekin, eta Goya sarietarako hautagaia izan zen ‘Los cronocrímenes’ filmarekin, Zuzendari Berri Onenaren kategorian. Gainera, ‘Extraterrestre’, Open Windows’ eta ‘Colossal’ bezalako filmak zuzendu ditu, baita ‘Nuestra bandera significa muerte’ eta ‘El vecino’ telesailetako atal batzuk ere.