Laugarren urtez jarraian, Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen “Eskatu Eskaini Euskaraz” kanpainak merkataritzan eta ostalaritzan euskara erabiltzera animatuko ditu. EAEko 131 udalerrik jada bat egin dute kanpainarekin; UEMAn diren 107ak eta Arabako beste zazpik, Bizkaiko beste zortzik eta Gipuzkoako beste bederatzik. Aurreko urteko kanpainarekin alderatuta zazpi gehiago izango dira aurtengo kanpainan parte hartuko duten udalerriak.
Aurtengo beste berrikuntza nagusietako bat da kanpaina e//-Euskaraz Barra-Barra bereizgarriarekin ere bat egiten duela. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin lankidetzan, ekainean martxan jarri zuen ikur horren xedea da euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzea.