Gasteizko Udal Antzoki Sarearen udaberrirako programazioa

Apirilaren 11tik ekainaren 30era bitartean diziplina ezberdinetako 38 ikuskizun ikusi ahal izango dira Gasteizen

Gasteizko Udal Antzoki Sarearen Udaberriko Denboraldia hastear dago eta antzerki, musika, dantza edo zirku proposamen sorta zabala aurkeztu du. Guztira, 38 ekitaldi programatu dira apirilaren 11tik ekainaren 30era bitartean. “Era guztietako proposamen eszenikoak ikusteko aukera izango dugu formatuari, diziplinei eta helburu diren ikusleei dagokienez, baina denek ezaugarri komuna izango dute: kalitate dramatiko eta artistiko bikaina izango dugu. Ez dugu ahaztu behar gure misioa dela herritar guztiei kalitatezko kultura eszenikorako sarbidea bermatzea”adierazi du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Antzerkia

Denboraldi honetako emanaldien artean, “Burro” antzezlana dago, astoei buruzko testu klasikoetan oinarritutako tragikomedia, Carlos Hipolitok interpretatua eta apirilaren 25erako programatua.

Maiatzaren 3an, 4an eta 5ean, La Fura dels Baus konpainiak “Carmina Burana” ikuskizun sentsoriala, musikala eta antzerkikoa aurkeztuko du, dagoeneko 410.000 ikuslek baino gehiagok ikusi dutena.

Teatro Kamikazek eta Teatro Españolek “Vania x Vania” aurkeztuko dute maiatzaren 10ean eta 11n, Pablo Remónek zuzendu eta idatzitako eta Javier Cámarak idatzitako testu berari buruzko bi obra, estilo eta ikuspuntu ezberdinekin bateratzen dituen proposamena.

Maiatzaren 15ean, Arriaga Antzokia konpainiak “Festen” antzeztuko du euskaraz, 1988an “Celebración” filmarekin zinema irauli zuen Thomas Vinterbergen testu batean oinarrituta. Eta maiatzaren 17an, Lolita Floresek Ponciarena egingo du Federico García Lorcaren “La Casa de Bernarda Alba” lanean oinarrituta, Luis Luquek idatzitako lanean.

“Belleza y perdón” lanak Asier Etxeandiaren interpretazioa eta ahotsa bilduko ditu. Aktore honek bere album eta ikuskizun berria aurkeztuko du maiatzaren 31n Enrico Barbarorekin batera.

Ekainaren 1ean, José Luis Sacristánek Juan Mayorgak zuzendutako “La Colección” aurkeztuko du Printzipal Antzokian.

Musika

Musikari dagokinez, Niño de Elchek apirilaren 12an emango dituen emanaldiak nabarmentzen dira, baita Euskadiko Orkestraren presentzia ere, programatutako lau ikuskizunekin.

Apirilaren 23an, Neomak taldeak bere azken lana aurkeztuko du, trikitrixa eta panderoa elektronikarekin uztartuz.

Ekainaren 22an, Ainhoa Arteta sopranoak, Javier Carmenak lagunduta, “Homenaje a Puccini y Fauré” errezitaldia eskainiko du pianoan, Gasteizko Kontzertu Handien zikloari amaiera emateko.

Dantzak ere bere lekua izango du, Hofesh Shechter II konpainiaren “From England with love” lanaren aurkezpenarekin ekainaren 21ean, eta La Intrusa gasteiztar konpainiaren “Moonshot” lanaren estreinaldiarekin maiatzaren 9an.

Euskara eta familiak

Udaberrirako prestatu den programazioan, ohi bezala, familientzako aukerak eta euskaraz eskainitakoak ere izango dira. Familiei zuzendutakoen artean, adibidez, apirilaren 21ean ‘Nuye’, zirkoko eta koreografiako ikuskizuna izang0 da.

Sarrerak martxoaren 21etik aurrera egongo dira salgai leihatilan, telefonoz eta online.