Gauekoak programak aurtengo udaberrirako eta udarako programazioa aurkeztu du. Ekainera bitartean Gasteizko gazteei zuzendutako 25 jarduera hartuko ditu Gauekoakek. Hauetako asko hiriko elkarteek sustatutako jarduerak dira eta, beti bezala, 16 eta 30 urte bitarteko gazteen artean aisialdi alternatiboa, sortzailea, parte-hartzailea eta osasungarria sustatzea izango dute helburu.
Programazioa lau atal nagusitan banatuta dago: sormena, musika, abentura eta aisialdia. Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina jarduera bakoitzak epe bat izango du izena emateko edo sarrerak eskuratzeko. Esfortzu berezia egin da horietan irisgarritasuna sustatzeko eta euskararen erabilera handitzeko.
Otsaila eta ekaina bitartean
Programazioa otsailaren 17an hasiko da Los Bobé Bobé antzerki konpainiak Aldabe gizarte-etxean eskainiko duen antzezlanarekin.
Abenturari dagokionez, programak ‘bushcraft’ eta biziraupenerako oinarrizko ikastaro praktiko bat eskainiko du. Jarduera ezberdinen bidez parte-hartzaileek basoan bizirauteko teknikak ikasiko dituzte. Gainera, Irunberriko Arroila bisitatzeko txangoa izango da eta nahi duenak ‘rafting’ ere egin ahal izango du.
Eskaintza askotarikoa da eta, besteak beste, hainbat tailer ere eskainiko dira: afrikar sukaldaritza, diseinua, koadernaketa, zeramika, argazkilaritza, musika konposizioa…
Aurkeztu berri den programazioaren barruan hitzordu garrantzitsuenetako bat emakume artisten M-Fest jaialdia izango da. Bi egunetan zehar emakumeak ardatz izango dituzten musika-saioak, hitzaldiak, tailerrak, etab… izango dira