Gasteizko Udalak lankidetza hitzarmen berria sinatu du Hazia 23 programari 2024-2025 ikasturtean jarraipena emateko. Gazte enplegurako udal planaren parte den ekimenak ADSIS Fundazioaren, Vital Fundazioaren, Diocesanas-Jesus Obrero Fundazioa-Egibide eta Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen parte-hartzea du.
Programa nagusiki 23 urtetik beherako gazte langabeei zuzenduta dago, nahiz eta salbuespenezko kasuetan 30 urtera arte luzatu daitekeen hezkuntza edo lan sistemetan txertaturik ez dauden eta prestakuntza edo lan-esperientzia esanguratsurik ez duten gazteen kasuan.
Bere bederatzigarren edizioa beteko duen Hazia 23 programak bere eraginkortasuna frogatu du azken urte hauetan. Izan ere, 2016an abiatu zenetik, 175 hiriko gazteri enplegu eta prestakuntza aukerak eskaini dizkie. Pasa den urteko irailean amaitu zen azken edizioan, programak 18 parte-hartzaileri profesionaltasun ziurtagiri homologatua lortzen lagundu zien.
Udaleko Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatutako ekimen honen helburu nagusia Gasteizko gazteen enplegagarritasuna hobetzea da, tokiko enpresa-sarean txertatzea erraztuko duten gaitasun profesional eta pertsonalak garatuz.