Toki-eremuan, gazteen emantzipazio prozesua bultzatzeko hainbat motatako ekimenak egin ahal izateko dirulaguntzak eskatzeko epea ireki da. Horien eskaera egiteko epea azaroaren 27ra arte egongo da zabalik.
Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro bideratuko ditu udalek gazteen emantzipazio-planak edo gazte-planak egin ahal izateko, bai eta horien jarraipena edo ebaluazioa egiteko ere. Deialdi hori gazteen emantzipazioa sustatzeko 2030erako Euskal Estrategian jasota dago, erresilientziari buruzko bosgarren ardatzean, hain zuzen ere.
Udalek tokiko beste ekimen batzuk ere egin ahal izango dituzte, gazteen emantzipazio-prozesua errazteko eta helburu horrekin egindako ekimenak sistematizatzeko eta ebaluatzeko.
Planifikazio eta diagnostiko tresna horiek egitea funtsezkoa da beren udalerrian gazteen egoera zein den jakiteko, bai eta euren emantzipazioa erraztuko duten neurriak bultzatu edo indartuko dituzten arloak identifikatzeko ere.
2022an, Gazteria zuzendaritzak zazpi dirulaguntza eskaini zituen, gazteen emantzipazioari lotutako planak eta jarduerak egitea ahalbidetzeko. Eskabide-orria https://www.euskadi.eus/servicios/1201803 webgunean dago eskuragarri. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 26an hasi zen eta azaroaren 27ra arte izango da zabalik.