Gazteek eta adinekoek indarrak batu ditzakete beren ingurunea aldatzeko

Europar egitasmo batek 200 gazte eta 200 adineko elkartuko ditu Euskadin, Nafarroan eta Pirinioetan, arazo partekatuei irtenbide berritzaileak emateko

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 359
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Europako hainbat udalerritan gutxitan bat egiten duten bi errealitate ematen dira. Alde batetik, ahultasun, bakardade eta autonomia-galera egoerak bizi dituzten adinekoak daude. Bestetik, lan-prekarietateari, emantzipazio-zailtasunei eta aukera faltari aurre egin behar dieten gazteak daude.

Bi errealitate horiek partekatzen dituzten arazoei irtenbide komuna ematea da, hain zuzen ere, ‘Transis Lab 2: belaunaldien arteko elkartasunari buruzko mugaz gaindiko lankidetza’ egitasmoaren helburua. Europar Batasunaren finantzaketa duen programa hau Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko, Pirinio Atlantikoko eta Pirinio Garaietako lurraldeetan belaunaldien arteko lankidetza modu berriak bultzatzeko sortu da.

11 esperientzia pilotu

Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak buru duen proiektu honek 11 esperientzia pilotu garatuko ditu 2026-28 aldian. Esperientzia pilotu horietan 200 gaztek eta 200 adinekok parte hartuko dute. Esperientzia horien xedea da elkarlanerako eta elkarrengandik ikasteko benetako guneak sortzea, gizarte-erronka partekatuetarako erantzun berritzaileak diseinatu, esperimentatu eta ebaluatu ahal izateko eta, aldi berean, komunitate-bizitza indartzeko.

Hurrengo hilabeteetan garatuko diren jarduerak ‘Transis Lab 1’ programaren esperientzia izango dute oinarrian. Lehen programa horrek bizitza-luzeran, berrikuntza soziala sustatzeko mugaz gaindiko living lab bat bultzatu zuen eta adineko ahulei laguntzeko modu berriak aztertu ditu, bereziki, landa-eremuetan bizi diren horiek. Bigarren edizio honetan, proiektuak urrats bat gehiago emango du eta gazteria eta belaunaldien arteko elkartasuna izango dira berrikuntza sozialaren ardatz.

Amaitzear den ‘Transis Lab 1’ programan 400 adinekok eta 90 langile soziosanitariok parte hartu dute. Bakarrik bizi diren adinekoak identifikatu dira eta laguntza eskaini zaie. Programari esker lortutako esperientzian oinarrituta  lau gida prestatu dira:

  • hauskortasuna baloratzeko gida
  • esperientzia pilotuen gida
  • esku-hartze soziosanitariorako gida
  • inpaktua ebaluatzeko gida
Politika publikoetan islatzen den ezagutza

Esperientzia pilotuak hedatzeaz gain, ezagutza praktikoa eta transferigarria sortzearen aldeko apustua egiten du ekimenak. Emaitzak sistematizatu egingo dira eta 145 profesional eta arduradun teknikorekin partekatuko dira, eta eskualdeko lau ekintza-plan egiteko oinarri izango dira, bai eta gizarte-berrikuntzan eta belaunaldien arteko berrikuntzan mugaz gaindiko estrategia bat egiteko ere, politika publikoetan eragina izateko asmoz.

Europar Batasunak EGEF funtsen bidez kofinantzatuta, Interreg POCTEFA programaren esparruan, TRANSIS LAB 2 partzuergoak 14 erakunde publiko, akademiko eta sozialek osatutako partzuergoa biltzen du, eta elkarrekin lan egingo dute mugak gainditzen dituzten erronkei irtenbide partekatuak diseinatzeko, esperimentatzeko eta finkatzeko.