Gaztea bazara eta antzeztea edo antzerkira joatea gustuko baduzu, Donostiako Gazteen Antzerki Topaketak falta zaizun urrats hori ematen lagun zaitzake. Donostia Gazteriak antolatuta, Donostia Kultura eta Kutxa Kulturekin elkarlanean, Gazteen Antzerki Topaketak bere XXXIII. Edizioa ospatuko du aurten. Topaketaren xede nagusia da gazteak antzerkira hurbiltzera animatzea eta talde amateurrak eta profesional ez direnak bultzatzea. Egitasmoa antzerki talde, tailer edo eskola baten kide diren 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Parte hartzeko deialdia zabalik izango da datorren martxoaren 11ra arte. Izena emateko hiru aukera daude: gazteria@donostia.eus posta elektronikora idatziz; Agirre Miramon kalean diren bulegoetan aurrez aurre; edo, 943 481 909 telefonora deituz.
Bi kategoria
Topaketa bi kategoriatan banatzen da. Lehenengo kategorian 14 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute. Bigarren kategorian, berriz, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute. Topaketa maiatza eta ekaina bitartean izango da.
Topaketak Donostiako agertoki nagusietan antzezteko aukera emango die aktore gazteei: Kutxa Kultur Kluba, Victoria Eugenia Club Aretoa, Antzoki Zaharra, Lugaritz, Gazteszena eta Kontadores Gazte Zentroa. Parte-hartzaileek beren lanak Kontadores zentroan entseatzeko aukera izango dute. Gainera, aktore gazteen lana sustatzeko, behin topaketa amaituta, antzezlanak Kontadoresen antzezteko aukera ere izango da.