Gaztegune berria Miribilla eta San Adriango gazteentzat

Compostelako Done Jakue kaleko 12. zenbakian dagoen ekipamendu berriak zerbitzua eskainiko die 10-16 urte bitarteko nerabeei

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Aisialdi osasungarria eta hezkuntza-aukera berriak eskaintzen dituen espazio berritzailea zabaldu du Bilboko Udalak Miribilla eta San Adrian auzoetan bizi diren 10 eta 16 urte arteko gazteentzat. 160 metro koadroko azalera duen instalazio berriak STEAM jarduerak eta elkarbizitzarako gune modernoak eskaintzen ditu.

Zentro berria hiriko gazteei zuzendutako udal-sareko hamargarren zentroa da eta Compostelako Done Jakue kaleko 12. zenbakian dago, merkataritza-guneko etxabeetan.

Gazteen beharretara egokitutako gunea

Gazte gunearen diseinuak gazteen beharretara egokitutako hainbat espazio eskaintzen ditu. Nabarmentzekoa da “Maker gunea”, Do it yourself filosofian oinarritutako espazioa, non gazteek Bilbao Gazte STEAM Estrategiarekin lotutako jarduerak egin ahal izango dituzten, hala nola, Green Power, robotika, LEGO programazioa edo 3D inprimaketa. Horrez gain, ikasteko edo talde-lanak egiteko mahaiak dituen espazio zabala, jarduera dinamikoetarako gunea eta erlaxatzeko txokoa ere baditu.

Zentroaren ezaugarririk bereizgarrienetakoa da bere diseinuan parte-hartze prozesu sakon bat egin dela inguruko ikastetxeetako ((Miribilla, Iruarteta, Urretxindorra, San Adrian eta Pagasarribide)  gazteen, familien eta auzo-elkarteen artean. 350 pertsona inguruk euren iritzi, ikuspuntu eta proposamenak eman dituzte, eta horiei esker, erabiltzaileen lehentasunak identifikatu, ordutegiak adostu eta jarduerak diseinatu dira. Gainera, euskara izango da komunikazio-hizkuntza nagusia, familien eta gazteen eskaerei erantzunez.



Gaztegunearen ordutegia astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara da, eta ostiraletan eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara, nahiz eta erabiltzaileen beharren arabera egokitu daitekeen. Programazioa ere malgua da eta gazteen proposamenak kontuan hartuz garatuko da etorkizunean.

Inaugurazio asteburu honetarako programazio berezia eskainiko du Gaztegune berriak, besteak beste: podcast tailerrak, robotika saioak, moda birziklatua eta 3D inprimaketa. Parte-hartzaileek horma-irudi kolektiboan parte hartzeko edo DJ izateko tailerraz gozatzeko aukera ere izango dute.

Aburto alkateak aurreratu duenez, udala dagoeneko lanean ari da Haurgunea irekitzeko hurrengo hilabeteetan. Gaztegunearen ondoko espazio batean kokatuko da eta 3 eta 11 urte bitarteko umeentzat izango da. Ekimen honekin, Udalak 2025eko parte-hartze bidezko aurrekontuetan hartutako konpromisoa beteko du, Miribilla eta San Adrian auzoetan adin ezberdinetako haur eta gazteentzako hezkuntza- eta aisialdi-espazioak eskainiz.