Gaztematika Gipuzkoak 2026-2027 ikasturteari ekin dio 50 hezitzaile baino gehiagorekin

Haurtxoko eta gaztelekuetako 50 profesional baino gehiago bildu dira Donostian. Ikasturteko lan-ildoak partekatu eta datozen foroetako gaiak zehaztu dituzte

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Gipuzkoa.eus
Hitz kopurua:  222
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuetako 50 profesional baino gehiagok parte hartu zuten Gaztematikaren 2026-2027 ikasturteko lehen foroan. Sare publiko horrek lurraldeko haur, nerabe eta gazteen ongizatearen alde lan egiten du. Topaketa Donostiako Kontadores zentroan egin zen.

Hezitzaileek ikasturteko lan-ildo nagusiak partekatu, sarearen antolaketa aztertu eta beren proposamen eta beharrak azaldu zituzten. Landutako gaien artean daude ‘Ingurune On’ Ituna, TREBA programa eta Gaztematikaren gobernantza-ereduari buruzko hainbat kontu.

Profesionalek datozen foroetako gaiak zehaztu dituzte

Jardunaldiaren amaieran, taldeek dinamika bat egin zuten beren interes, kezka, zalantza eta beharrak agerian uzteko. Eguneroko jardunetik eta beraiekin lan egiten duten haur zein nerabeen errealitatetik abiatu ziren; hain zuzen ere, ekarpen horiek izan ziren saioaren gainerako zatiaren oinarri.

Profesionalek lehentasunaren arabera sailkatu zituzten datozen foroetako gaiak, eta lana antolatzeko lehen irizpideak adostu zituzten.

Profesionalek lehentasunaren arabera sailkatu zituzten datozen foroetako gaiak, eta lana antolatzeko lehen irizpideak adostu zituzten. Ondoren, talde bakoitzak bere ondorioak azaldu zizkien gainerako parte-hartzaileei.

Gaztematika 2008-2009 ikasturtean sortu zen

Gaztematika Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek elkarlanean sortutako sare publikoa da, parte-hartze prozesu baten ondorioz abiatua. Haren helburu nagusia da haur, nerabe eta gazteen ongizatea, aukera-berdintasuna, herritartasun aktiboa eta parte-hartzea sustatzea, ekimen eta ekintzen plangintza bateratuaren bidez.

Sarean erantzukizun politiko eta teknikoa duten pertsonek, hezkuntza-taldeek, dinamizatzaileek eta informazio-arduradunek lan egiten dute. Bakoitzak bere esparrutik eskaintzen ditu bere ezagutza eta gaitasunak, Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen garapen integrala bultzatzeko.